GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Neurrizko pitokeriak

 

Surflari Ernegatua

Surf eskolara datozenei galdetzen diegun lehen gauza ea aurrez inoiz surf egin duten izaten da. Batzuek noizbait egin dutela baina ezer gutxi dakitela erantzuten dute, beste batzuek moldatzen direla, eta, hirugarren multzo batean, surf egiten badakitela diotenak daude.

Lehen multzokoa jende apala izan ohi da, egiaz surf egiten ez dakien jendea edo zerbait jakinda ere ikasteko asko duela badakien jendea. Multzo horretan jatorri eta izaera guztietako jendea aurki daiteke, baina, batez ere, euskaldun asko, europar dezente eta hegoamerikar eta katalan gutxi. Zerbait badakitela diotenen artean, berriz, euskaldun eta europar kopurua gutxitu egiten da, eta, hegoamerikar eta katalan kopurua, areagotu. Hirugarren multzoan, bilbotar, hegoamerikar eta katalan asko eta zenbait australiar edo estatubatuar izan ohi dira. Ia euskaldunik ez.

Interesagarriena «adituen» multzoa da, izan ere, euskaldunok osatzen dugun edozein talde nekez izan daiteke apartekoa, gatzgabeak baikara. Gezurretan aritzen ez dakigu, ez dugu maleziarik, eta apaltasuna, faltsua izanagatik ere, balore gorentzat dugu. Bere burua «aditu» gisa aurkezten dutenek, ezer galdetu aurretik ere, euren taularen altuera esan ohi didate. «Sei bi bat daukat», «enara ipurdia duen bost zazpi bat ibiltzen dut olatu txikietan» eta antzerako esaldiak oso ohikoak dira aurkezpen gisa.

Dakizuen bezala, egun surf tauletan erabiltzen den sistema metrikoa ingelesa da, hau da, oin eta hatz betetan ematen dira taularen neurriak. Lehenik altuera, gero zabalera, eta, azkenik, lodiera. Jendeak halako edo besteko neurriko taula duela dioenean, noski, taularen altueraz ari da.

Ez galdetu niri nire taularen neurriak zeintzuk diren, ez dakit eta. Baina taularen altuera bakarrik jakitea pitokeria dela badakit. Izan ere, forma bere osotasunean hartu behar da kontuan. Taula bat oso luzea izan daiteke, baina, aldiz, bolumen gutxikoa bada, ez du egonkortasun handirik izango. Aldiz, taula bat txikia baina zabala eta lodia bada, errugbi jokalari bat ur azalean lasai mantentzeko modukoa izan daiteke. Orain gutxi «modelo catalan» izeneko taula atera zuten. Punta zorrotza du, baina hasiberri batentzako taulak izaten dituen neurriak ditu. Saltzaileak badaki bere burua aditutzat duen bezeroak surf egiten ez dakiela, beraz, ondoratuko ez zaion taula bat saltzen dio, eta, bezeroak, berriz, adituentzako taula bat duela uste du, taulak punta duelako; horrenbestez, denak gustura.

Aurkezpen moduan taularen luzera esaten dutenekin apur bat aspertuta nago. Azkenaldian, txantxetan, datu hori oso pertsonala dela eta mesedez ez aipatzeko esaten diet. Orain, bigarren fase bat abiatzera noa. Donostiako neska gazte batek eman zidan ideia, nire ohiko galdera lotsagabe bati argitasun miragarriz erantzun zionean. Aurrerantzean, nire taularen neurriak eskatzean, neska hark esandakoa erantzungo dut: «28 zentimetroko luzera, 7 zentimetroko diametroa, azal kolorekoa eta Cyberskin markakoa, gustura?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo