Josebe EGIA
Kanpotik modernoak, barrutik kontserbadoreak
Banengoen hondartzan ogitartekoa gustura asko jaten gazte kuadrilla bat iritsi zenean nire ondora. Salto batean ia denak uretan zeuden. Bi neska izan ezik. Hauek elkarrizketa serioan jarraitu zuten apur batez, inguruneari erreparatzeari utzi barik: -Bada, ni mutila izango banintz, ez nioke nire neska-lagunari topless egiten utziko. -Beno, neska... zergatik ez ba? -Ni aurrean ez banengo, bost axolako litzaidake, baina nirekin balego, ez nioke utziko... mundu guztia bere titiei begira egoteak urduri jarriko ninduke... -Bai, egia esan ez da samurra izan behar mutilarentzat...
Zur eta lur, burua biratu eta neska pareari so egin nion. Hogeita gutxi urte edukiko zituzten, itxura modernoa, badakizue, piercing-ak, koloretako ilea, azken belaunaldiko gailuak leku guztietatik... Ezin nuen sinetsi, eta euren atal intimoak behar bezala estalita itsasertzerantz zihoazela begiradatxo bat bota nion inguruneko pertsona sortari. Hondartzak ez dira leku txarra azterketa soziologiko bat egiteko; ni nengoen horretan, zehazki, denetarik bildu ohi da: jende gaztea, bikoteak, familiak, adinekoak, bakarrik joaten direnak, bainujantzia daramatenak, zati bat besterik ez dutenak janzten, guztiz biluzik dabiltzanak... denak elkarren ondoan, naturaltasunez, desberdinari estralurtarra balitz bezala begiratu barik.
Neska haien ikuspuntua, mutilak balira izango luketena -eta neskak izanda mutil-lagunarengandik esperoko luketena, are okerrago, onartuko luketena-, salbuespentzat jo behar al dugu? Gazteria oro har hartuta, kasu bakantzat? Zoritxarrez, gizon eta emakumeen arteko bikote harremanetan nolabaiteko mendekotasuna berezkoa delako usteak errotuta jarraitzen du gazteriarengan, ekidinezina balitz bezala; egun, neskatilek marra gorri bat jartzen diote beren buruari, bikotekidearengandik onartuko ez luketena garbi, baina lerro hori fina da oraindik, fin-fina. Jeloskor jokatzea erabateko maiteminaren bereizgarritzat jotzea; ni Tarzan, zu Jane eta akabo ñabardurak; gizon oldarkor eta babeslearen irudia mirestea... kezkagarria da gazteek harremanak bai ala bai horrelakoak direla hautematea, baina are kezkagarriagoa neskatilek eurek horiek naturaltzat jo ez ezik, bilatu eta bide ematea ere.
Ameriketako Estatu Batuetan ika-mika sortu du oihartzun handiko editore batek zera esatean: «Biologia kontuan hartuz gero, ar eta emeen rolak naturaren munduan eta jendartean, tradizionalki gizonarena da paper menperatzailea. Emeak ez dio kontra egiten, ez da harekin lehiatzen, eta rol osagarria betetzen du. Jendarte adimentsu gisa, familietan rol osagarriak izateko gaitasuna galdu dugu, eta hori gu suntsitzen ari da». Benetan kezkatu behar gaituena ez da kontserbadore huts batek feminismoari kontra egiteko arrazoi sasi-biologikoak erabiltzea, han edo hemen; kezkatu behar gaituena da belaunaldi berriak, neskatilak bereziki, izatea kontserbadore horiek baino kontserbadoreagoak, gizona osatzera baino ez daudela deituta pentsatzea, eta horren arabera jokatzea. Eurak bihurtuta beren buruaren, eta ondorengoen, mugatzaile nagusiak.