Zuraideko Txilar Torneoko finala
Agusti Waltarik txapelak pilatzen jarraitzen du
Kubakoa berriro ere onena izan zen, eta astebetean bigarren torneoa eskuratu zuen atzo eguerdian.
WALTARI-X. LANBERT 40
LARRALDE-DUCASSOU 34
Jon LEUNDA
Agusti Waltarik eta Ximun Lanbertek lortu zuten atzo Zuraideko Torneoa irabaztea. Sekulako ikusmina piztu zuen finalak, eta sarrera guztiak agortu egin ziren. Izan ere, aurrean Larralde eta Ducassou aritu ziren, 21 eta 22 urteko bi gazte, etorkizunari begira sekulako itxaropena piztu duten bi pilotari.
Finalak, ordea, kolore bakarra izan zuen. Waltari ongi dagoenean oso zaila da kubatarra mendean hartzea, eta atzo horixe pasatu zen. Gainera, Larralde eta Ducassou oso urduri kantxaratu ziren, eta hori ere asko nabaritu zuten.
Irabazleek oso azkar ireki zuten zuloa, eta 17-6 jarri ziren aurretik. Horrekin, bazirudien finala fite joango zela, bi gazteak ez baitziren euren jokoa egiten ari, baina orduantxe esnatu ziren, eta partida berdintzeko gai izan ziren Larralde eta Ducassou gaztea. Oso kintze politak egin zituzten, eta markagailuan 18-18koa jarri zuten, 1-12ko partziala lortu ondoren.
Horrekin finalean edozer gerta zitekeela ematen zuen, baina Waltari eta Lanbert euren jokoa egiten hasi ziren, sakearekin asmatuz, eta Larralde jokoz kanpo utziz. Berriro ere zuloa egiteari ekin zioten, eta 14-8ko partziala lortu zuten, markagailuan 31-26koa jarriz. Partida amaitzetik nahiko gertu zegoen, eta tarte hori laburtzea oso zaila izaten da edozeinentzat, are zailagoa aurrean Waltari bezalako pilotari bat baldin badago.
Hortik aurrera gauzak oso gutxi aldatu ziren, eta txapela jantzi zuen bikotea 39-30 jarri zen, finala erabakita utziz. Berriro ere gazteek susperraldi bat izan zuten, eta beste lau kintze egin zituzten, baina alferrik izan zen, faboritoek irabazi baitzuten.
Amaieran partida polita izan zen, eta zaleak oso gustura atera ziren, Larraldek eta Ducassouk berriro ere itxura ona eman baitzuten. Atzelaria jadanik onenen artean dabil, eta aurrelaria oraintxe heldu da profesionaletara, baina garbi utzi zuen datozen urteetan zeresan handia emango duela eta bera ere lehiaketa guztietan oso kontuan hartu beharko dela.