GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Giza-proba | Gipuzkoako finala

Oriok hasieratik erakutsi zuen zein zen nagusi

900 ikusle pasak bete egin zituzten Aiako probalekuko harmailak.

p032_f01_435x435.jpg

Jon LEUNDA

Oriok irabazi zuen atzo Aian Gipuzkoako taldekako giza-proba txapelketa. Jende asko espero zen, eta zaleek ez zuten hutsik egin, 900 ikusle pasak erabat bete baitzituzten Aiako probalekuko harmailak. Batek baino gehiagok geratu behar izan zuen kanpoan, jende gehiagorik ez baitzen kabitzen.

Zortzi lagunez osatutako taldeak ziren, eta denen artean 660 kilotik ezin ziren pasatu, bestela kilo bakoitzeko harriari bi kilo gehiago jarri beharra baitzegoen, eta Orio izan zen hortik pasatu zena, 671 kilo pisatu baitzituen. Beraz, beraiek erabili behar izan zuten kilorik gehien, eta, hala ere, txapela beraiena izan zen. Binaka aritu ziren, bi harrirekin, probalekua bitan banatu baitzuten. Harri bakoitzarekin hamabost minutu ibili behar zuten, eta gero lekuz aldatzen ziren, denak baldintza berdinetan aritu ahal izateko.

Orio eta Aiztondo izan ziren plazaratzen lehenak, eta oriotarrek lortu zuten garaipena, 86 plaza pasa egin baitzituzten. Lau plazaren aldea kendu zion Oriok Aiztondori. Hori bai, bi taldeek erabat jota amaitu zuten. Berez bero handia egiten zuen, eta barruan zegoen jendetzak probalekuan oraindik eta giro beroago jarri zuen; ondorioz, tiralariek dezente sufritu behar izan zuten.

Bigarren txandan neurtu ziren Berrobi eta Urretxu, baina bietako inork ezin izan zuen Oriok egindako marka gainditu. Berrobik, iazko txapeldunak, Aiztondoren marka doi-doi gainditu zuen, eta bigarren postua eskuratu ahal izan zuen. Urretxuk, aldiz, atzoko markarik eskasena egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo