Txapelketak
Euskal Herriko lehiaketarik gehienek badute jokatzeko lekua eta eguna
J.L.
Uda partean jokatzen dira txapelketarik gehienak, eta jadanik batzuk jokatu baldin badira ere, oraindik asko dira jokatzeko geratzen direnak. Gehienek badute, ordea, jokatzeko eguna eta lekua, baina garrantzitsuenak, aizkolarien maila nagusiko txapelketak, oraindik ez dauka ez lekurik ez eta datarik ere.
Bigarren Mailakoak, aldiz, kanporaketa eta finala jokatzeko lekua eta data baditu. Kanporaketa abuztuaren 17an jokatuko da Azkoitian, eta finala, berriz, Aizarnazabalen izango da, irailaren 29an.
Hirugarren Mailakoak, berriz, bi kanporaketa izango ditu, eta lehenengoa abuztuaren 10ean jokatuko da Aian, eta bigarrena, abuztuaren 25ean izango da Lakuntzan. Finala jokatzeko lekua eta eguna falta dira. Gazte mailakoen finala, berriz, abuztuaren 17an jokatuko da Ezkurrako pilotalekuan.
Trontzan jadanik nesken finala jokatu da, baita mutilen maila nagusiko kanporaketa ere. Finala abuztuaren 10ean jokatuko da Larraintzarren, eta Bigarren Mailako finala, berriz, Uharte Iruñean izango da irailaren 22an.
Sega da beste kirol garrantzitsuenetakoa, eta horiek jadanik amaitu dituzte jokatu beharreko txapelketak. Harri-jasotzen ere, oraindik datak falta dira, maila nagusikoari dagokionez, eta kintopekoena, berriz, Zarautzen jokatuko da irailaren 8an. Zazpi Herrialdeetako Txapelketa Baigorrin izango da aurten, Nafarroa Beherean, irailaren 14an, 16.00etatik aurrera. Erreboteko plazan izango dira Euskal Herriko kirolaririk onenak.