GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Jaialdiak

Arabako txapel ugari banatuko dira Gasteizen

p032_f02.jpg

J.L.

Gasteizko festetan, urtero bezala herri kirol jaialdiak izango dira Foruen enparantzan 12.00etatik aurrera. Gaur hasi eta ostiralera bitarte izango dira, nahiz eta egun guztietan ez diren izango lehiaketa ofizialeko jardunaldi eta lehiaketak.

Gaur hasiko dira ekinaldiak, eta Arabako maila nagusiko aizkolarien finala jokatuko da. Zubiaga, Jauregi, Llanos, Kintana eta Rodriguez I.a neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki beharko ditu.

Behar bezala prestatuta baldin badago, Zubiagak irabazi beharko luke, baina ikusi beharko da nola dagoen. Jauregi da berari aurre egin liezaioken bakarra, eta txapelak bien artean egon beharko luke, baina hori bien prestakuntzaren arabera egongo da. Orain bi urte Rodriguez segoviarrak aurre hartu eta txapela kendu zien, baina, bi faboritoak ongi baldin badaude, ez dute ezusterako tarterik utziko.

Arabako nesken eta mutilen txinga-proba finalak ere jokatuko dira. Mutiletan, Lauzurika, Lopez eta Larrazabal neurtuko dira, eta nesketan, berriz, Varela, Ferran, Lekuona eta Golova. Mutilek esku bakoitzean 50 kiloko txinga bat eraman beharko dute, eta, neskek, berriz, 25eko bat esku bakoitzean.

Bihar, berriz, aitzurlarien finala jokatuko da. Azken urte hauetan ez da jokatu, eta zorionez berriro ere berreskuratu dute, oso lehiaketa polita izaten baita. Aizkora bezalakoxea da, bakarrik enborrak aizkorarekin moztu beharrean aitzurrarekin ebakitzen dituztela, eta, egurraren gainetik moztu beharrean, lurretik. Euskal Herrian beste lehiaketarik egiten ez denez, kirol honetako txapelketa bakarra da.

Llanos, Ruiz de Aretxabaleta, Franco eta Lopez neurtuko dira. Bakoitzak 36 ontzako bi enbor eta 45 ontzako beste bi ebaki beharko ditu. Llanos da azkeneko txapelduna, azken aldiz jokatu zenean berak irabazi baitzuen, eta bera da faborito nagusia.

Bihar nesken lokotxen finala ere jokatuko da, eta, bertan, Ferran, Gulova eta Frutos arituko dira. Etzi, lasto-altxatzeko Arabako finala jokatuko da, eta Lopez, Lauzurika, Franco eta Ruiz de Aretxabaleta neurtuko dira. Nesketan ingude-altxatzeko finala jokatuko da; Gulova, Ferran eta Ugarte neurtuko dira. Azkenik, ostegunean, mutilen ingude-altxatzeko finala jokatuko da. Bertan, Lopez, Lauzurika eta Franco neurtuko dira. Honekin amaituko dira Arabako txapelketei dagozkien jardunak. Ostiralean ere izango da herri kirol jaialdia, baina bertan erakustaldiak besterik ez dira izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo