udate | ipar ekhian
Pastafariak bagina
Orain arte ez nekien haren berri. Atzo, notizia gisa irakurri nuen ordea, antza, gazte txekiar bati bere nortasun agiria eraberritu zioten, horra arte berezitasunik ez, baina gaztea irazki bat buruan zeukala ageri zen argazkian; «avec la Passoire, con un colador», hor jada, irri festa. Pastafaria da txekiar gaztea, pastafarismoaren fededun, eta Txekian, Austrian bezala, erlijioarekin lotutako motiboak tarteko, burua estalirik dutela ateratako argazkiak onartuak dira agiri ofizialetan.
Interneteko ukaldi arin batean ikasi dut hau dena, egun, erraza baita ez dakizkizun gaiak ikertu eta jakintsu bezala agertzea jendaurrean, teklatu ahalguztidunaren botereari esker. Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen pastafarismoa 2005. urtean, Bobby Henderson fisikariaren eskutik, honek, gutun bat bidali baitzion Kansasko Hezkuntza Kontseiluari diseinu adimentsua eboluzioarekin batera eskola publikoetan irakasteko baimena eman zuela jakitean. Hendersonek eskatzen zien bere fedearen jainkoa Espagetien Munstro Hegalaria zela, eta teoria hura ere irakats zezatela zientzia klaseetan.
Oihartzun handia ukan zuen hedabideetan, eta arrakasta kreazionismoaren aurka zegoen jendearen aldetik. Lehiaketa publikoak ere egin ziren, ea nork bota zezakeen teoria hura atzera, milioi bat dolar eskainiz datu enpirikoekin demostratzen zuenari Jesukristo ez zela Espagetien Munstroaren seme. Kansasko baimena urtebete berantago gelditu zen bertan behera. Pastafarismoak milaka jarraitzaile ditu, «Amen» ordez «Ramen» erraten dutenak, Txinako fideo zoparen bertsio japoniarra. Bakoitzak bere frikia bizi du. Eta batzuek agiri ofizialetan nahi duten bezala agertzeko eskubidea dutenean, deigarriago bilakatzen zait euskaldunok agiri ofizial propioa ukaiteko eskubiderik ez izatea.