GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frankismoak hildako eta jazarritako herritarrak omendu dituzte Busturian

p012_f02.jpg

GARA | BUSTURIA

Frankistek Derioko hilerrian fusilatutako herritarrak omendu zituzten atzo Bizkaiko Busturia herrian, fusilamenduon 76. urtemuga bete zen egunean. Bide batez, faxismoak zapaldu eta eraildako guztien aldeko omenaldia bilakatu zen Busturiako Udalak eta Ahaztuak 1936-1977 taldeak antolatuta atzo egindako ekitaldia.

1937ko abuztuaren 5ean, Derioko hilerrian faxistek sei busturiar hil zituzten. «Busturiarrok ezin dugu gure historia ahazten utzi, eta, horregatik, jendaurreko ekitaldi batekin gogoratu nahi ditugu Euskal Herriaren eskubideak defendatzeagatik faxismoak eraildako eta jazarritako guztiak», nabarmendu zuen Ahaztuak 1936-1977 taldeak.

Antolatzaileek zabaldu zuten oharraren arabera, honako hauek dira atzoko ekitaldian omendu zituzten busturiarrak: Florencio Bilbao Aguirre, Hipolito Albarez Urrutia, Roman Zearreta Urrutia, Angel Lekuona Beitia, Demetrio Lekunberri Intxaurraga, Doroteo Kaltzada Ispizua, Feliciano Zenarrazubeitia Bilbao, Andres Zearreta Urrutia eta Santiago Gondra Zigorraga.

Dena den, ekitaldian frankismoaren jazarpena jasan zuten herritar guztiak gogoratu nahi izan zituzten. Orotara, 30 busturiar inguru hil, fusilatu edo desagerrarazi zituztela jakina da.

Omenaldiarekin batera, ostiralean, Altamirako Kultur Etxean «Memoria y sexualidad de las mujeres bajo el franquismo» bideo emanaldia egin zuten. Cecilia Montagut bideoaren egilearen azalpenak gertutik jarraitzeko aukera izan zuten bildutakoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo