GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak

Andre Maria Zuriaren plazako «arrantzaleek» ez dute arrakasta izan

San Migel elizatik ezin hobeto ikusi ahal izan zen moduan, Gasteizko txupinazoan ere «arrantzaleak» izan ziren: goizean hesitutako monumentutik inork nola ez dakiela ateratzen zen kable batekin presoen aldeko pankarta bat jasotzen ahalegindu ziren. Ez zuten lortu.

p054_f01_097x124.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Atzo arratsaldeko bostetatik aurrera, ezkilen dangada bakoitzarekin dantzan jarri zen ordu horretarako jendez leporaino beteta zegoen Andre Maria Zuriaren plaza. Sanferminetako txupinazoaren ostean, begi guztiak Gasteizko jaien hasieran jarrita zeuden, beste «arrantzale» ausart batzuk agertuko ote ziren zain. Plazako monumentua «babesteko» goizean jarritako lau hormek, gainera, ezin tentagarriagoak ziruditen.

Zailtasunak zailtasun, Gasteizen ere Iruñekoaren antzeko saiakera bat egon zen. Monumentutik bertatik eta kable batzuen bidez, presoen aldeko pankarta bat altxatzen saiatu ziren «arrantzaleak»; ez dakigu zehatz noiz eta nola lotu zuten soka, baina hortxe ibili ziren txupinazo aurreko minutuetan, jo eta ke pankarta jaso nahian. Baina ezin izan zuten helburua bete, eta, azkenean, korapilatuta pankarta erretiratu behar izan zuten.

Dena den, ikurrinek eta presoen aldeko kartelek ez dute Gasteizen Iruñean besteko jazarpenik jasaten, eta, hala, txupinazoaren ordua heldu zenean, seiak igartzen zituzten kanpai hotsekin batera, dozenaka beso malgukiak bailiran altxa ziren preso politikoak etxeratzeko pankartak eta banderak aireratuz. Ordura arte, ezkutuan izan zituzten, eta azaldu zirenean plaza osoa aldarrikapen horrekin jantzi zen.

Zeledonen panpina San Migelgo kanpandorretik jaisten ari zela, elizaren aurrealdeko giroa plazakoaren zertxobait ezberdina zen. Izan ere, bertan, puruen ke usainarekin batera, azken urteetan guneak hartu duen aldarrikapen kutsua ere hedatu zen. Hasteko, Daniel Fernandez Arabako Elikagaien Bankuko presidenteak txupinazoa jaurtitzeko aukera baliatu zuen gasteiztarrei mezu argia bidaltzeko: «Elikagaien Bankuak ez luke etorkizunik izan behar, baina, zoritxarrez, zorigaitzak jotako pertsona ugari daude hiri honetan bertan ere». Bestalde, iaz gertatu bezala, krisi garaiotan gorriak ikusten ari diren kolektiboetako kideak ere bildu ziren San Migel elizaren aurrealdean Bilduk gonbidatuta. Aurtengoan, udal langileak eta Vitalquiler eta Kaleratzeak Stop plataformetako kideak elkartu ziren. Azken talde horretako Dorleta Alvarezek aitortu zuenez, «azken hilabeteotako borrokaren aitortza» izan zen gonbidapena.

Horrez gain, bigarren urtez jarraian, udal langileak ere elkartu ziren txupinazoa bertatik bertara jarraitzeko. Aukera baliatuta, politikarien aurpegien parean «No more cuts» lelodun kartelak jarri zituzten murrizketak salatzeko; Bilduko kideak bakarrik libratu ziren. «Krisiaren aitzakian aurreko zein oraingo udal taldeak egiten ari diren kaleratzeak salatzera etorri gara», aipatu zuen Andres Herrerok. Iaztik hona inolako aldaketarik egon ote den galdetuta, «zoritxarrez ez» erantzun zuen argi eta garbi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo