GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Breaking news

Espaziontzi zilarkarak agertu dira Guggenheim gainean, lehen museo eta orain, 2112. urtean, tren geltoki den eremua mehatxatuz. Krisi kabinetea deitu du Euskal Protektoratuan Abdul Gerrikagoitia lehendakariak, Lakuako planetariumean.

7. atala

Ontziak Euskalduna laudatoriumaren gainean agertu ziren lehenbizi eta Guggenheimera hurbildu gero, apurka-apurka. Plater hegalari esan zuen norbaitek, kutsu zaharkitua zuen esamolde bat aipatzearren. Euskal sukaldaritza berria aitatu zuten gero, eta plater hegalarien inbasioaren koherentzia ironikoa edo ironia koherentea. Euskal Protektoratuan lehen aldiz, estralurtarrak. Bazen garaia, ala? Andoni Luis Adurizek 2015ean Restaurant aldizkariaren arabera Mugaritz munduko jatetxerik onena izatea lortu zuenetik hona, gainbehera zetorren euskal kultura gastronomikoa, eta ia mende bete joan zen ordutik: ez ziren ongi egokitu elikadura nanodosien arora.

Plater hegalariak eta plazer hegalariak. Pasealari aspertuek zer ez ote lezaketen esan eta asma, objektu hegalari ez-hain-ezezagun eta ez-hain-espekulatiboak begiratu beste zereginik ez daukatenean:

-Orson Wellesen new filmaren teaser bat izango da, maybe -ausartu zen bat edo beste.

Baina mesfidantza zen garaiko dantzarik hedatuena. Inork ez zuen jada ezer sinesten. Slavoj Zizek Ljubljanako pentsalari handiak (1949-2042), «sinesgarritasunaren esekipen iraunkor» deitu ziona zen nagusi oraindik ere. AEBetako Akademiak Orson Wellesi Berpizte Oscarra eman zionetik, edozer espero zitekeen harengandik; baita mundu mailako kanpaina bat ere, BTB euskal orobista kate gubernamentalak Hollywoodeko major-ekin zeuzkan harreman ilunen lekuko.

Baina biztanleetako zenbait berehala jabetu ziren kontua ez zela batere txantxetan hartzekoa izango. Guggenheimeko sutunpa-tren geltoki gainean paratu ziren aparailu zilarkara haiek. Dozenaka ziren eta argi foku demasekin itsutzen zuten geltokiko titaniozko estalkia. Tren geltoki hura, lekuko zaharrenek gogoratzen zutenez, museo izana zen lehenago (amerikarren beste frankizia bat -nola zen BTB-Hollywood harreman orobistakoa-). Hortik zetorren, apika, lekuak denbora-espazio zuloetan zizareentzako sargune izateko zeukan erraztasuna.

Inor jabetu orduko self-erreportariz bete zen lekua. Euren biomikroak eta gorputzantenak hedatuak zituzten berehala nork bere orobista kateari informazioa hedatu eta nork bere oronet operativeko lenteetan ikus zezan inbasioaren berri.

Euskal Protektoratuak, Abdul Gerrikagoitia lehendakariaren aginduz (berau funtziotan Jose Antonio Agirreren berpizte akta tramitatu bitartean), Defentsa Protokoloa jarri zuen martxan berehala. Deitoratu egin zuten orduan self-komentaristek bere garaian euskal armadari hain modu arinean uko egin izana:

-Bakezalearenak jotzen beti gu. Eta orain, hara: ipurdi bistan. Bloody arsenalik ez ote da geratuko non edo non, for the sake of the old times? Any zulo we know about?

-Babes Eremutik kanpo maybe, but...

-Nori eskatuko diogu bloody laguntza orain?

Frantsesak edo espainolak. Ameuropa, bai, nahi duzuena. Baina ez zegoen amaren semerik aliantza hura aintzakotzat hartzen zuenik. Betikoek agintzen zuten beti. Frogs or pigs. Horra hor bi aukerak, Europar Batasuna desegin zenetik. Izan ere, amerikarrekiko loturak, Idahoko artzain-mekanikoez eta Hollywood-BTB harremanaz harago, ia ez baitziren goi esferatan existitzen.

Etxetik ez ateratzeko agindua eta hiri-harresiez bestaldeko eremuaren kontrako babes-geruzaren gotortzea sartu ziren indarrean.

Abdul Gerrikagoitiak, larrialdiak bultzaturik, bildua zuen krisi kabinetea. Tartean da Aintzane Obereyskere, kultur sailburua. Lakuako planetariumean adi-adi jarraitzen zituzten denek Baobileko inbasioaren irudiak.

-Do we know zerbait jatorriari buruz?

Euskararen jatorriari buruz deus jakin gabe jarraitzen zuten, arrastorik ere ez -Big Ben-a eta bostetako tea jotzen zituzten arren zenbait mihi gaiztok euskara bilbatuaren jatorri-, baina espaziontzien identifikazioa askoz ere errazagoa zen.

-Sylesia planet-ekoak dira. Def-con-2, Gerrikagoitia jauna.

-Rings a bell... Ez dugu Sylesian enbaxadarik izan sekula?

-Sagarra Goi Sylesiatik ekartzen zuten gure sagardogileek, hemen ekoizten dena ez baita enough euskaldungoaren sagar-hats esnifazio eskaerari erantzuteko... Chainisek Saturnoko sagasti-negutegiak orbitan jarri zituzten arte. Orain chainisekin dugu tratua. Itxi egin genuen Sylesiako delegazioa, it was critical...

-And a waste of money...

Ekonomia sailburuarenak dira azken hitzak. Heldu berria da, beti bezala, berandu, Mustafa Bergara, AKA Berga. Askoren ustez, itzaletik agintzen duen lehendakaria.

-Eta barne sailburua? Where the hell is he? Ona litzateke hura hemen izatea...

-Bai, lehendakari jauna. As soon as possible...

Gero alfonbra hartu du Abdul Gerrikagoitiak eta belauniko ipini da, Mekara begira, bere eguneroko bigarren errezorako. Mustafa Bergara ere musulmana den arren, adiago dago orobistako merkatuen emaitzei. Aurki ixtera doa Nikkei indizea eta ezin joango da lotara euskal enpresen artean ikur den CAF&KA sutunpa-tren lantegiak zenbat ehuneko gora egin duen jakin gabe. Poza hartu du: %4. «Fuck the alliens», pentsatu du, euskara bilbatu jatorrean.

... biharko kapitulua:

VINTAGE MEMORIES

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo