Floren Aoiz www.elomendia.com
Asto baten irria
Makilakada bat tratu txarra bada, zamaz itotzea ez da gozoagoa. Bata indarkeria da, bestea ere bai. Gure garaietako afera da indarkeria ikusgarriari garrantzia ematea eta egitura mailakoa aintzat ez hartzea
Pirinioak, lainoa berandu joan da, geunden lekuaren edertasuna ikusiko ez genukeela uste genuelarik. Goitik ibili gara eguzkipean, berriz, eta jaistean, familia frantziar bat aurkitu dugu, asto batekin borrokan. Lau hankatakoak ez du erreka zeharkatu nahi eta familia osoa dabil, astoa gora eta behera, baina alferrik. Animaliak ezetz eta ezetz, besteek etsi nahi ez, tiraka, bultzaka. Astoa ez da haserretu, zorionez: ni ez nintzateke asto haserretu baten gibelean jarriko...
Pog favog, ¿sabén algó de asnós? Galdetu digute, kezkaturik. Ene frantses makarronikoa eta haien gaztelania antzekoa nahastuz, gu ere ibili gara astoa mugiarazi nahian. Tentatua egon naiz astoei buruz zerbait dakidala esaten, baina isildu naiz. Izan ere, ibilbide militanteak zerbait erakusten dizu horretaz, espainiar nazionalismoarekin lehiatuz gero, batez ere. Erronkari eutsi eta bi konponbide bururatu zaizkit. Lehena dela-eta ez didate Nobel saria emanen. Zergatik ez tapatu begiak? Ergelkeria ederra da, astoak jada erreka ikusi baitu, baina probatu egin dute. Egiten dute irri astoek? Ba, niri astoak irri egin duela iruditu zait.
Begienak porrot eginik, ene bigarren ideia sinplea eta pertsonen artean nagusitzen den ikuspegitik asto gisakoa da: makila- kadaz mugiaraztea. Ez dut proposatu ere egin, segituan atzeman dut jarrera hau ez dela familiaren gustukoa. Nonbait, nahiago dute astoa konbentzitzea.
Horregatik, haserretu beharrean besarkada eman diote astoari. Jada ez dut zalantzarik: irri egiten ari da, gogotik egin ere!
Eta han gelditu dira, astoarekiko elkarrizketa saioan. Gerora familia bereizi eta batzuek hartu nahi zuten bidetik jarraitu dutelarik, amak behera egin du, astoarekin, errekatxoa zeharkatzeko beste leku baten bila. Alferrik. Astoak ideia argiak ditu, emakumeak ez, ordea. Eta behera segitu du amak, gerora gora egiteko, aipatu omen dioten errekatxorik gabeko bidearen bila. Ez dugu berriz ikusi baina aterpera iristean, lehenbiziko pasadizoan gure ondoan zeuden beste euskaldunak topatu eta ados jarri gara bizkor, gaia aipatu bezain laster: ederki egin du irri astoak horien kontura! Astoak ez zuen kristoren aldapa hura igo nahi eta kitto! Asto bizkorra hura, familiakoen mugak istantean ezagutu zituena!
Halakoak dira gure garaiak. Asto bat izugarrizko zamaz aldapa gora igoaraztea guai iruditzen zaigu, ekologista, pintoreskoa, mitifikatzen diren beste garai garbietara itzultzeko saio ederra. Berriz, astoa makilakadaz mugiaraztea toleraezina da, indarkeria itsusia delako. Satanizatu ditugun garaietara itzultzeko saio onartezina. Afera da, berriz, satanizatu eta mitifikatu ditugun garaiak berdinak direla.
Ez dut animaliak makilakadaz tratatzea goraipatuko. Animaliekiko harreman ereduetan atzematen da jendartearen aurrerapena, besteak beste. Zurikeriaz ari naiz. Izan ere, makilakada bat tratu txarra bada, zamaz itotzea ez da gozoagoa. Bata indarkeria da, bestea ere bai. Gure garaietako afera da indarkeria ikusgarriari garrantzia ematea eta egitura mailakoa aintzat ez har- tzea. Zapalkuntzaren indarkeria ezkutatu egiten da, baina astoei ez zaie gustatzen izugarrizko zama gainean eramatea, makilakadaz ala makilakadik gabe. Ez Pirinioetan eta ez beste inon!