GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ibai Martinez de Trebiño (*) Manifestuaren sinatzaileen izenean

Siriar herriaren autodeterminazioaren aldeko manifestua

Euren helburua mugak berregitea eta Ekialde Hurbil Berri baten berrantolaketa da. AEB- Europa-Israel ardatzaren bide-orria «suntsiketa sortzailearen», «anabasa «sortzailearen» eta «terrorismoaren aurkako etengabeko gudaren» neokon kontzeptuetan oinarritzen da

Manifestu honen sinatzaileok kanpoko potentziek Sirian eskua sartuz siriar herriaren eskubideak urratzea erabat gaitzesten dugu. Bat egiten dugu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin honek «Giza Eskubideak zuzenbideko erregimen batek babes ditzan ezinbestekoa da, gizakiak tirania eta zapalkuntzaren kontrako matxinadaren errekurtso gorena erabiltzera beharturik izan ez dadin» dioenean.

Siriako Errepublika Arabiar burujabearen kontra xaxatutako guda, erasotzaileek «esku sartze gizatiarra» aitzakia gisa badarabilte ere, gizateriaren aurkako krimena besterik ez da. Guda inperialista honek ez du batere zerikusirik ez laguntza humanitarioarekin, ez elkartasunarekin ez herrien arteko txera den internazionalismoarekin.

Gaur egun, erasotzaileek demokrazia, giza eskubideak, gizatasuna, emakumearen eskubidea, nazioarteko zuzentasuna, munduko bakea, arma kimikoen erabilpen ilegala, populazio zibil errugabearen defentsa edota beste edozein balioren inguruko kalaka zeharo hipokritari sinesgarritasuna ematea edota neurri egokian ez baloratzeak; egun siriar herria pairatzen ari den eta etorkizunean beste herri batzuek pairatuko dituzten masakreekin konplizitatea izatea da.

AEBetako, Israeleko, Qatarreko, Turkiako, Saudi Arabiako zein Europako gobernu kapitalistak euren benetako helburuak ezkutatu nahian dabiltza. Uko egiten diogu ez ikusteari, ez entzuteari eta euren «hitzontzi jakintsuak» izateari, eta agerian utzi nahi ditugu guda honen helburuak:

Finantza arlokoak: euroaren gaineko dolarraren hegemonia mantentzea eta petrolioa ustiatzen duten herrialdeek euroetan kobra dezatela galaraztea.

Ekonomikoak: beste herrialdeen baliabide naturalak monopolio handiek lapurreta-prezioan eskura izatea.

Segurtasun eta garraio-kostu arlokoak: baliabide hauek kapitalismoaren erdigune kontsumitzaileetara garraiatzea ziurtatzea.

Militarrak: Txinaren eta Errusiaren garapena oztopatzeari begira, balizko interes ofentsibo-militarreko zonaldeetarako pasabidea erraztea.

Geoestrategikoak: Zonalde horretako herrialde askeen edota hauek beste herri batzuekin egin ditzaketen aliantzen bitartez sortu daitekeen botere polo baten garapena galaraztea.

Euren helburua mugak berregitea eta Ekialde Hurbil Berri baten berrantolaketa da. AEB-Europa-Israel ardatzaren bide-orria «suntsiketa sortzailearen», «anabasa sortzailearen» eta «terrorismoaren aurkako etengabeko gudaren» neokon kontzeptuetan oinarritzen da. Horrela, herrien sufrimendua «ezinbesteko sufrikariotzat» jotzen dute eta balkanizazioaren bidez herrien zatiketa bultzatzen dute; hau da, anai- arreben arteko guda sektarioa xaxatuz, beste gatazketan hain arrakastatsua izan zaien «Divide et Impera» leloa aplikatzen dute.

Euren helburua ez da soilik Ekialde Hurbileko herriak zatikatzea hauek dominatzeko, baizik eta garbiketa bidez «baketzea». Hori dela-eta, guda zibilak edo erlijio edota etnia ezberdinetako kideen arteko terrorismo sektarioa bultzatzen dute. Euren helburuak ez dira demokratikoak demografikoak baizik: «soberan» dagoen populazioa garbitzea, honek ez kontsumatu ez borroka ez dezan, bizitza duin baterako zein herri bezala autodeterminatzeko eskubiderik aldarrika ez dezan.

Gaur egungo alienazio, ideologizazio gabezia, desinformazioa, antolaketa-ahultasun eta botere gabezia baldintzek Europako ezkerra elkartasun internazionalista eta antiinperialista eraginkor baterako ezgaitzen gaituzte. Horregatik, gaur egun Ekialde Hurbileko zein Siriako Arabiar Errepublikako herri eta pertsona denak hondamendi humanitario kriminaletik defenda ditzaketen bakarrak, bai esku-sartze inperialistaren kontra borrokan ari diren siriar erakunde herrikoiak, Siriako Armada Arabiarrarekin eta Assaden gobernua, zein paregabeko eredu internazionalista iraultzailea egiten ari diren zonaldeko erakunde antiinperialistak direla diogu.

Europako ezkerrak ezin du Siriako barne disidentziaren eta interes eta helburu inperialisten arteko elkarrekintza edota bat-etortzea justifikatu edota are oniritzi ditzakeen balorazio, analisi edota arrazoiketarik egin. Ezin daiteke ustezko neutraltasuna mantendu horrela Mendebaldeko kapitalismoa «Ekialde Hurbil Berriaren» konkista, berran- tolaketa eta ber-kolonizazioari ekiten ari zaionean, eta honen ondorioak bertako herriak zein pertsonak sufritzen ari direnean.

Ezker europarraren parte handi batek gizateriaren etsairik handienaren helburuen aurrean begiak itxi ditu (honen altzoan oso eroso dagoela ezin ahaztu) eta siriar herriarekiko ez du orain arte inolako elkartasunik erakutsi; horrela, etsai hau are handiago egiten ari da eta ezker honen gainbehera etiko eta ahultasun ideologikoak urrats berri batzuk egin ditu.

Horregatik, ezkerreko emakume eta gizon aurrerazale guztiei dei egiten diegu: arabiar kausa, batez ere Siriar Herriaren kausa, errespeta dezaten.

Nork bere herrialdeko gobernu eta botere faktiko nazionalen eta kapitalen aurka printzipio antiinperialistekin bat egin dezan.

Siriako Errepublika Arabiarraren eta Ekialde Hurbileko beste herrialdeen kontrako geben zein zigor ekonomikoak kentzeko, talde salafista, takfirista zein wahabitei ematen zaien laguntza logistiko, politiko, ekonomiko zein militarra erretiratzeko eta ustezko «misio humanitarioetan» dauden tropak erretiratzeko lan egin dezaten.

Siriako eta beste Estatuetako barne arazoak konpontze asmoz interesik gabeko diplomazia eta negoziazioaren bideak errazteko espazio eta baliabide politikoak zabaldu ditzaten.

Kultur, akademia, arte, ekonomia, kirol zein beste arloetan edozein adierazpen sionisten edota Israelen interesen aurkako boikot kanpaina zabaldu dezaten.

(*) Manifestua bultzatu dutenen izenean, honako hauek sinatu dute artikulu hau: Ibai Martinez de Trebiño, Mauritziu Faedda, Jon Kortazar, Ion Metauten Pilarte, Periko Solabarria, Walter Wendelin, Rebeka Gomez, Aitor Carrera, Endika Oviedo, Beatriz Esteban, Nestor Silva, Marikarmen Albizu, Nerea Garro, Joakin Arregi, Joseba Agudo, Danel Martin eta Unai Kontxa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo