GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Txapelketak

Zubiagak eta Llanosek ez dute hutsik egin Arabako finaletan

J.L.

Amaitu berri diren Gasteizko festetan Arabako Txapelketa ugari jokatu dira, eta bi garrantzitsuenetan, aizkorakoan eta aitzurrekoan, ez zen ezusterik izan, Zubiagak eta Llanosek lortu baitzuten garaipena.

Aizkoran, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. Zubiaga zen faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin, aise lortu baitzuen txapela. Jauregi zen berari aurre egin ziezaiokeen bakarra, eta ia minutu eta erdi kendu zion. Kintana sailkatu zen hirugarren, eta honi bi minututik gora kendu ahal izan zizkion.

Aitzurlariek, berriz, bi 36 ontzako eta beste horrenbeste 45 ontzako ebaki behar izan zituzten. Finala oso polita izan zen. Lopez zihoan aurrena, baina azkeneko kolpean aitzurra enborrean kateatuta geratu zitzaion, eta tarte horretan Llanosek amaitu egin zuen, lehen zuen txapelari eutsiz.

Txingetan, berriz, Perez de Herediak irabazi du gizonezkoetan 17 plaza pasarekin, eta Lekuonak, berriz, emakumezkoetan, 16 plaza pasarekin. Ingude-altxatzen, Ferran izan zen onena nesketan, 83 jasoaldirekin, eta mutiletan, berriz, Lauzurika, 80rekin. Azken honek irabazi zuen baita ere lasto-altxatzeko txapela, 16 jasoaldi lortuta. Azkenik, emakumezkoen lokotx-biltze Txapelketan Frutosek eraman zuen garaipena, eta lanak burutzeko, 7 minutu eta 50 segundo behar izan zituen. Aipatzekoa da, Foruen plazan egunero izan diren jaialdi hauek izan duten arrakasta, egunero sekulako jendetza batu izan baita lehiaketa guzti hauek eta egin diren erakustaldi guztiak zuzenean ikusteko asmoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo