Pobreziaren espazioa etorkinek betetzen dutela adierazi du Ikuspegik
Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko koordinatzaileak, Gorka Morenok, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren etorkinen egoeraren berri eman du Efe agentziarekin izandako elkarrizketan. Euskaldunen tolerantzia aipatu du, baina baita «mugak jarri nahia» ere.
GARA | BILBO
Gorka Moreno Ikuspegiko koordinatzaileak EAEn bizi diren etorkinen egoera aztertu zuen atzo Efe agentziarekin izandako elkarrizketan, eta azaldu zituen ideien artean, duten pobrezia tasa handia nabarmentzen da. Eman zituen datuen arabera, immigranteen herenak du diru eskasia; bertan jaiotakoen artean, aldiz, %5ekoa da tasa. «Ia ez dago bertako pobrerik, eta garai onetan oraindik gutxiago ziren: pobreziaren espazioa etorkinek okupatzen dute», deskribatu zuen. Agertu zuenez, lehenengo aurreztu egin zuten etorkinek: 2007. eta 2010. urteen artean bertan sortutakoek urtean eltzeitsuan 1.000-2.000 euro gordetzen zituzten bitartean, immigranteek 4.000-5.000 euro gutxiago gastatu zituzten.
Baina krisiak irauteak immigranteek pobrezia tasa anitzez handiagoa izatea ekarri du. Morenok adierazi zuen euskaldunak horretaz jabetzen direla: «Etorkinak sufritzen ari direla ikusten dute. Askok ditugu bizilagun atzerritarrak eta pasatzen ari direnaz ohartzen gara. Konturatzen gara krisia ez dutela eurek sortu».
Immigrazioaren Euskal Behatokiaren argazkiak erakusten duenez, langabezia tasak anitzez gehiago hazi dira pertsona etorkinen artean, pila bat eraikuntzan aritzen ziren, eta jarduera horrek behera egin du. Krisiak gehiago erasaten dituen arren, jasaten saiatzen ari dira, ordea. «Gehien-gehienek bilatzen dutena eustea da. Denak bezala daudela esan daiteke, noiz atertuko zain». Beste datu bat ere eman zuen Morenok: «Iristeko eta integratzeko prozesua zenbat kostatzen den kontuan hartuta, ez da erraza jatorrizko herrialdera itzultzea».
Tolerante baina mugak jarriz
Hamabost urtetan lehendabiziko aldiz etorkin kopurua jaitsi egin da, 3.729 pertsona gutxiago daude. Baina, Morenok argitu zuenez, horrek ez du esan nahi masiboki itzultzen ari direnik. Legearen faktorea ere hartu behar da kontuan, gainera: «Espainiar nazionalitatea» eskuratzen dutenean jada ez dira atzerritar gisa zenbatzen. Euskaldunon jarrerari buruz, tolerantzia nabarmendu zuen, baina baita mugak jarri behar diren ideia jende artean zabaldua dagoela ere.
Morenok esan zuenez, krisiarekin jende gehiago ateratzen da hemendik, zenbakiak «anekdotikoak» dira, ordea. «Beti joan dira gazteak atzerrira, batez ere formazio handienekoak. Ez da deskapitalizaziorik gertatzen ari».