GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lehen datuen arabera, lanek ez zuten eragin Urgulleko harrien erorketa

Urgulleko harrien erorketa ez zuten eragin bertan egiten ari diren lanek, azken egunetan izandako euriteek baizik. Hori ondorioztatu du Euroestadio-ren txostenak, eta gaineratzen du bertako obrek gisa honetako erorketak ekiditea ahalbidetuko dutela.

GARA | DONOSTIA

Pasa den asteazkenean izandako lur-jausiari buruzko lehen txosten baten berri eman zuen atzo Donostiako Udalak. Ezbehar horretan, Urgull menditik Paseo Berrira eroritako harri batek Mikel Arzak 20 urteko gaztearen heriotza eragin zuen. Euroestudio enpresak eginiko azterketa da aurkeztu zuen Udalak, eta haren arabera, harrien erorketa ez zuten eragin bertan luiziak ekiditeko egiten ari diren lanek. Aitzitik, azken egunotan izandako euriteek eraginda erori ziren.

Modu horretan, Urgullen egiten ari diren obrek luiziak eragiteko arriskua ez dutela areagotzen ondorioztatu dute udal teknikariek lehen instantzian, eta atzo aurkeztu zuten txostenean baieztatu egiten da ondorio hori. Euroestudios enpresa geoteknian espezializatutako etxea da eta bera da Urgulleko magala sendotzeko proiektuaren egilea. Lehen lan honek, era berean, gune horretan lur jausiak eta erorketak urte askoan «oso ohikoak» izan direla gogorarazten du. Egoera hori dela-eta erabaki zuen Udalak erorketen aurkako neurriak hartzea, eta horren ondorio dira Urgulleko lanak. Modu horretan, behin lanak amaituta, oinezkoentzako arriskuak «asko» murriztuko direla uste dute.

Udalaren erabakiz, Paseo Berria itxita egongo da obrek irauten duten bitartean. Hala, Aste Nagusiko barraketaraako sarbideak Aquariumean, Aquariumeko igogailuan eta Apaizen pasealekuak izango direla jakinarazi dute, «oinezkoei sarbidea errazteko» helburua aipatuz. Apaizen pasealekua 01.00ak arte egongo da zabalik jaiek irauten duten bitartean, Aquariumeko igogailua, aldiz, 05.30ak arte izango dute irekita. Udaleko alderdi guztiei egoeraren berri emateko asmoz, Bozeramaileen Batzordea deitu du Juan Karlos Izagirre hiriko alkateak datorren astelehenerako. 10.00etan hasiko da eta dagoen informazioaren berri emango diete oposizioko alderdiei.

Ertzaintza, ikerketaren buru

Donostiako 2. instrukzio epaitegiak jazotakoaren inguruko ikerketa abiatu zuen atzo. Ofizioz hartutako erabakia izan zen eta gertatutako guztia «argitara ateratzeko» helburuarekin egin zuen, Efe albiste agentziari eskainitako adierazpenen arabera. Instrukzio epaileak, ordea, Ertzaintzaren esku utzi zuen Udaltzaingoak abiatutako ikerketaren ardura, azken hau Donostiako Udalaren barneko erakundea dela-eta.

Bestalde, atzo egin zuten Mikel Arzak gaztearen aldeko hileta elizkizuna, bere auzoa zen Intxaurrondoko Santu Guztiak parrokian. Bertan bildu ziren bere lagun eta senideak.

Alkatea, hiletan

Atzo izan zen Mikel Arzak gaztearen aldeko hileta elizkizuna. Bertan, lagun eta senideez gain, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea izan zen, Josu Ruiz eta Nora Galparsoro zinegotzien laguntzarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo