UDATE
Pozalagua, sakontasuneko harribitxia
2013ko Txokorik Onenaren saria dago jokoan. Repsol gida ezagunak lehiaketa bat jarri zuen martxan maiatzean eta finalaurrekoetara heldu da Karrantzan dagoen Pozalaguako kobazuloa. Jendearen botoen bidez, abuztuaren 21ean erabakiko da finalistak nortzuk izango diren.
Testua: Jonebati ZABALA Argazkiak: Jon HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS
Estalaktitaz jositako sabaiak, zutabe ikusgarriak... Pozalaguako haitzuloaren berezitasun eta edertasuna ezin da ukatu. Bilbotik 52 kilometrora dago, Ranero tontorrean, Armañongo Parke Naturalaren bihotzean, Enkarterrietako Karrantza udalerrian. Repsol gidaren 2013ko Txoko Onenaren izendapena lortzetik oso hurbil dago leize magiko hau. 1957ko abenduaren 28an aurkitu zuten, kasualitatez, Dolomitas del Norte S.A. enpresak dolomia harrobian leherketa bat eragin ostean. Urtebete zeramaten Ranero tontorreko harrobia ustiatzen, eta 1976a arte egon ziren bertan, leherketek leizea asko kaltetzen zutela jakina zen arren. Kobazuloa 1991n ireki zuten bisitarientzat. 125 metroko luzera, 70eko zabalera eta 20ko altuera ditu. Tenperatura konstantea da, 13 gradu zentigradukoa, hezetasuna, ia %100ekoa.
Estalaktitak ikus daitezke leizearen sabaian, kanpoko geruzatik datorren ura zirrikituetatik filtratzen da, mineralak arrastratzen ditu eta horiek pilatuz eratzen da estalaktita bat. Lurrera erortzen diren tantetatik, berriz, estalagmitak. Oso prozesu geldoa da, kalkulu orokor baten arabera, ehun urtean zentimetro bat hazten dira. Biak batzean, zutabeak sortzen dira.
Baina ohiko estalaktita eta estalagmitez gain, estalaktita eszentrikoak ere aurki daitezke Pozalaguako leizean. Horma eta sabaiak sustrai edo adaxka lehorren formako estalaktitez josita daude. Izan ere, hor datza kobaren misterio eta garrantzia. Munduan eszentriko gehien dituen koba da Karrantzakoa, Australian dagoen beste bat da hurrengoa. Oso formazio bitxiak dira eszentrikoak, beherantz hazi beharrean, alboetarantz doaz, eta gero, gehienek, berriro ere gorantz egiten dute. «Ur tantarik ez badago, ez da beherantz joango», azaldu du Kontxi Trevilla gidak. Kristalizazioa, eremu magnetikoak, kapilaritatea... Adituak ez datoz bat fenomeno horren sorreraren zergatiarekin, hori dela-eta, hainbat teoria garatu dituzte. Oso ur kantitate txikia jasotzen dute eta hori dela-eta ez dira beherantz hazten. Urtebetean ez da litro batera ailegatzen, eta kantitate hori ez da ur tantak sortzeko bestekoa. Ez badago ur tantarik, ezin da beherantz joan, eta ondorioz ez da ohiko estalaktitarik sortuko. «Aire korronteen teoria ezeztatuta dago. Horretarako, kobazuloak irteera bi eduki beharko lituzke eta Pozalaguakoan ez da bigarrenik aurkitu, gainera estalaktita guztiak alde baterantz egon beharko lirateke, eta argi ikus daitekeen bezala ez da bertoko kasua».
Lakua desagerrarazi zutenekoa
Kobazuloko eremu bateko lurrari erreparatuz gero, lokatzezkoa dirudien gune lau bat dago. Bertan, duela hainbat urte laku bat egon zen. Txikia zen, hogei zentimetroko sakonera baino ez zuen urak, baina 1976an, harrobiko azken leherketak arrakalak eragin zituen kobazuloko lurrean, eta zirrikitu horietatik desagertu zen ura. Jada ez da geratzen tanta bat ere, egun filtratzen dena ere ez baita pilatzen zuloak direla-eta. Kobazuloko beste gune batzuetan aurki daitekeen ura edangarria da. Harrobiko langileek ez zuten iturririk gertu, hori dela-eta, haitzulokoa aztertu zuten eta edangarria dela frogatu zen. Hori bai, zapore gogorra du, burdinarena. Intsektu espezie bi topatu dituzte uretan, isopodo bat eta kolenbolo bat, milimetro gutxi batzuk baino ez dituzte.
Auditorioa izeneko aretoan, organo itxurako zutabea ikus dezake bisitariak. Gidak azaldu duenez, bertan akustika ezin hobea dago, eta bisitak antolatzen hasi zirenean hagatxo batekin kolpatzen zuten zutabe berezia, toki jakin batzuetan joz soinu berezia egiten baitzuen. Gerora utzi egin zuten, zutabea hondatzen baitzen. Akustika oso ona den arren -eta txarto ulertuak saihesteko-, kobazulo barruan ez dela inoiz ere kontzerturik egin azaldu du Trevillak. «Pozalaguako Jaialdia ospatzen zen lehen, baina kanpoan dagoen anfiteatroa erabili da horretarako».
Versalles aretoa garrantzitsuena da, estalaktita eszentriko gehien dago hor. Ohiko estalaktitak eta koral forma dutenak trinkoak dira, baina eszentrikoak eta haga itxura dutenak, hutsik daude barrutik, «makarroiak bezalakoak dira», azaldu du gidak, bisualagoa eginez. Areto horretan bukatzen da kobazuloa zabaleraz, 75 metroko harri trinkoa gurutzatuz gero, Torca del Carlista sima aurki dezakegu. Gainazaletik, 60 metroko putzua du, pertsona bat sartzeko besteko tokia dago, ondoren 90 metroko erorketa askea. Barruan, zulo itzela dago, «hiru San Mames futbol zelai sartzeko bestekoa, harmailak, arkua eta guzti», zehaztu du Trevillak.
Sorgin itxurako zutabea, magdalena erraldoiak diruditen estalagmitak... Deigarria da formazioen itxura eta koloreen kontrastea. Zati zuriak kaltzio karbonatozkoak dira, gorrixkagoak, ordea, burdin oxidozkoak.
2010ean, hiru hilabetez itxi zuten koba argiteria aldatzeko. Halogenoen ordez, led argiek argitzen dute haitzuloa orain, horiek ez dute kaltetzen leizearen barrualdea, eta askoz ere ekologikoagoak dira.
Txoko onenaren izendapena
Urtero egiten ditu gidak Repsolek. Jendearen proposamenak jasotzen dituzte, denetara, 1.244 leku jaso zituzten maiatzean. Horietatik 17 aukeratu zituzten, estatu espainoleko autonomia erkidego bakoitzeko bana. Uztailaren 29an, kobazuloak 10.000 botoko aldea atera zion Aragoiko Ibones de Batisiellesi. Finalaurrekoetan daude orain, Malagako Torcal de Antequerarekin lehian. Karrantzako Udalean lantaldea sortu zuten kultur eta kirol elkarteekin eta baita norbanakoekin ere, hortik atera zen etxe zein negozioetan banderak jartzeko proposamena. Oso sakabanatuta daude auzoak Karrantzan, 48 daude guztira. Hartara, auzoetako jaietan informazio kanpainak egin dituzte, gainera, adineko pertsonei botoa ematen ere laguntzen diete.
Irabazteko gogotsu daude Karrantzan, izan ere, turismo arloan sona handiko gida da Repsolena. «Estatu osoan zabalduko litzateke kobazuloari buruzko informazioa, eta horrek kanpoko turismoan ere eragina izango luke, jakina», adierazi du Rafa Arriola udalerriko zinegotziak. Esan digutenaren arabera, emaitzak ez dira islatzen momentuan, urtebeteren buruan edo, gida banatzen hasten direnean. Pertsonako eta eguneko boto bi eman ahal dira. Botoa emateko: www.apps.repsol.com/ElMejorRincon/2013
Ordutegia: 11.00 -19.00 (orduro daude bisitak, ez da beharrezkoa aurretiaz deitzea, talde handiek bai).
Iraupena: 45 minutu.
Prezioa: 7 euro helduek; 4 ume eta erretiratuek.
Egutegia: Lanegunetan irekita irailaren 15era arte, astelehenetan izan ezik. Hortik aurrera, asteburu, zubi eta jaiegunetan.
Telefonoa: 649 81 16 73.
Gehiago: Mugikortasun urriko pertsonei egokituta dago.
Dolomia harrobi zaharrean, anfiteatro ikusgarri bat eraiki zuten duela zortzi urte. Harmailak diamante hari batez landu ziren, eta kareharria eta dolomia perfekzioz moztu zituzten, marmolezkoak dirudite. Obra horretan zebra dolomia azaleratu zen. Duela hamasei urte inguru kontzertuak antolatzen hasi ziren anfiteatroan, Pozalaguako Jaialdia antolatu zuten paraje eder horretan. Hainbat talde igaro ziren bertatik, Kepa Junkera, Tahúres Zurdos, Alaitz eta Maider, Mallorcako Sunflowers taldea, eta Oskorri, esaterako. Pop-rocka, musika klasikoa... Jendearen erantzun eskasa, komunikazio arazoak, eta aurrekontu eza zirela-eta, orain bost urte bertan behera geratu zen jaialdia.
Udalerri berberean, Biañez auzoan, Karpin Abentura parkea dago. 55 animalia espezie dituzte, eta animalien eboluzioa ere lantzen dute. Kobazuloak eta parkeak hitzarmena dute, bi sarrerak merkeago eginez. Erlaxatzeko beta ere badago Karrantzan bertan. Kontxa herria pasata, Molinar auzoan, Palotino fraideen ur termaletako bainuetxea dago XIX. mende amaieratik. J.Z.