GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Ez dira leku arruntak

Jon GARMENDIA Idazlea

Bitxi egin zaizu bere emazteaz nola hitz egin duen entzutea. Badu aspaldi halako samurtasunarekin hizketan nehor entzun ez zenuela, hala behar luke, baina ez da arrunta. Erran duen hitz bakoitzak irudi bat ekarri dizu pentsamendura, eta denen elkarketak, fereka goxo bat bihotzaren barnera. Maitasuna da, egiazko maitasuna, hala pentsatu duzu. Eta hor gogora etorri zaizu hain gustuko duzun filmeko zati hori, Aristarainen «Lugares Comunes» filmeko eszena eder hori. Fernando Robles erretreta hartzera behartu duten literaturako irakaslea da, eta Buenos Aireseko etxea salduta bere emazte Lilianarekin herri tipi bateko baserrira joan da bizitzera. Fernando herriko liburutegira joaten da belaxet loreekin lurrinak egiteko informazioa bildu asmoz, eta han dago Tutti, sentsualitatez jositako emakumea, mende erditik gora ukaiteak erotismorik ezabatzen ez duen adibide. Erakarpen eta sedukzio jokoa hitzekin lotzen dute Fernando eta Tuttik, edo hala dirudi behintzat, hasieran emakumea da gidari, baina amaiera gizonak ematen dio. Erranaz baietz, emakume eder eta zirraragarriak anitz ikusi dituela bizitzan, desirak piztu dizkiotenak, baina bere emaztearen parekorik ez omen du ezagutu, Lilik irabazi duela konparaketa egin duen aldioro. Bere lagun, maitale, entzule, babes... beretzat Lili dela bizitza, hala erraten dio. Tuttik, hau entzun arau, emozio malkoak isurtzen ditu, eta galdera bakar bat egiten dio: Eta...nehoiz erran diozu hau guztia zure emazteari? Fernandok ezetz erantzuten du, baina guztiaren kargu egiten denez, emazteak, hori ere jakinen duela. Harrigarria da ezezagun bati halako aitortza egiten ikustea, eta bere konfiantza guztiaren jabe denari nehoiz halakorik erran ez izana. Zuk, badakizu anitzek hala egiten dutela, eta badakizu ez dela aski «jakinen du» pentsatzea, «maite zaitut» erran behar dela, zergatik, eta nola, eta milioika aldiz, ez baitu asperdurarik sortzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo