itsasoa
Txapelketen ekuadorra: Uda ostean hasiko da rock and rolla
Uda sasoian mundu mailako txapelketek geldiune bat izaten dutela esan daiteke, udazkenetik aurrera azken txanpan sartzeko.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Uda garaia ez da sasoi onena surf egiteko. Hego hemisferioan presio baxuak eta depresioak nagusi diren garaian olatu handiak ere izaten dira, baina munduaren alde horretan txapelketa handiak antolatzeko azpiegitura izan dezakeen herrialde gutxi dago. Beraz, sasoi honetan hego hemisferioan sekulako olatuak izan daitezke, baina ez da mundu mailako ia txapelketarik egiten.
Ipar hemisferioan negua denean izaten dira txapelketa garrantzitsu gehienak, baina tartean, ranking orokorrean eragin dezaketen txapelketak ere izaten dira, eta hori, hain juxtu, garai honetan izaten da, uztaila eta abuztua bitartean. Beraz, txapelketetako albisteak hain urriak diren sasoi honetan, lehiaketa munduan gauzak nola dauden ikusi eta aurrera begira zer datorren gogoratzeko momentu egokia da.
Lehen mailako txapelketei dagokienez (WCT), mutilen kasuan, udan egiten den txapelketa bakarra Teahupookoa izaten da. Aurten Teahupoo Billabong Pro txapelketa abuztuaren 15 eta 26 bitartean izango da. Txapelketa hau, zirkuitua osatzen duten hamar txapelketetatik seigarrena izango da, eta horren ostean Kaliforniako Trestlesera bidaiatuko dute WCTko 32 lehiakideek.
Irailaren amaieran, udazkeneko itsaski zoragarriekin batera, lehen mailako surflariak Frantzian izango dira, Hossegorren eta urtez urte egiten duten moduan sekulako ikuskizuna emango dute.
Jarraian, Europan egiten den maila honetako bigarren txapelketari ekingo diote, urrian, Portugalen, Supertubos olatu indartsuan. Eta amaitzeko, Hawaiin bilduko dira munduko surflari onenak, Pipelineko olatu arriskutsuei aurre egiteko prest.
Egun, ASPko ranking orokorrean Mick Fanning australiarra da buru. Bere atzetik, hamaika bider munduko txapelduna izan den Kelly Slater iparramerikarra dago bigarren postuan. Hirugarren, iazko txapelduna, Joel Parkinson australiarra alegia. Eta laugarren postuan, Jordy Smith hegoafrikarra.
Nesken kasuan berriz, guztira zortzi txapelketek osatzen dute WCT zirkuitua, baina kontuan hartu behar da uztailean Biarritzen egitekoa ziren txapelketa irailera atzeratu dutela, Hossegorreko txapelketarekin batera egiteko. Gauzak honela, itzuliko azken txapelketa uztailean bertan egin zuten, AEBetako Huntington hondartza famatuan. Irabazlea, Carissa Moore hawaiiarra izan zen, egun ranking orokorrean lehen postuan aurkitzen den lehiakide bera.
Hossegorreko txapelketaren ostean, neskek zirkuitua amaitzeko txapelketa bakarra egin beharko dute, Portugalen, eta orduan jakin ahal izango da aurten nork eskuratzen duen munduko titulua.
Esan bezala, Europan lehen mailako hiru txapelketa egiten dira, mutilen kasuan Hossegor eta Portugalgoa eta nesken kasuan Biarritzekoa, nahiz eta azken hau, aurten Hossegorren izango den.
Mundu mailako txapelketei dagokionez ordea, WQS mailan eta junior mailan zenbait txapelketa izaten dira.
WQS mailan ere hiru dira Europan egiten diren surf txapelketak. Mutilen kasuan guztira 19 txapelketa daude kategoria honetakoak munduan zehar. Maila desberdinetakoak izaten dira, izarren arabera. Gutxienez izar bat izan dezake WQS txapelketa batek, eta gehienez sei izar. Zenbat eta izar gehiago orduan eta diru sari handiagoak izaten dira eta puntu gehiago eskuratzeko aukera ere izaten da.
Abuztuaren 13 eta 18a bitartean bost izarreko txapelketa izango da Lacanaun, Frantzian. Jarraian, abuztuaren 27 eta irailaren bata bitartean hiru izarreko txapelketa izango da Galizian, Pantin Classic. Nesken kasuan berriz, txapelketa bakarra izango da, Pantinen mutilek egiten dutenarekin batera egiten dena hain zuzen ere.
Junior kategorian, alegia 20 urte arteko kategorian, guztira 20 txapelketa egiten dira munduan zehar eta horietatik bost dira Europan egiten diren mundu mailako txapelketak. Uztaileko lehen astean Frantzian egin zuten aurten Europan egin den kategoria honetako lehen txapelketa, Royan eskualdeko olatuetan. Izar bateko txapelketa izan zen eta Tom Cloarec frantsesak irabazi zuen.
Ipar hemisferioan negua denean izaten dira txapelketa garrantzitsu gehienak, baina tartean, ranking orokorrean eragin dezaketen txapelketak ere izaten dira, eta hori, hain juxtu, garai honetan izaten da.
Egun, ASPko ranking orokorrean Mick Fanning australiarra da buru. Bere atzetik, Kelly Slater iparramerikarra dago bigarren postuan. Eta hirugarren, iazko txapelduna, Joel Parkinson.