GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Norberak aukera dezala noiz eta non surf egin, baina mesedez, utzi harrokeriak alde batera

Olaturik izan ez, eta harrokeriaz aritzeak, lotsa eragiten dit. Surflaria olatua hartu eta zutik jartzen dena bada, olaturik gabe dabilena zer da?

 

Sarri eztabaidatu izan dut lagunekin surflari bat zer den. «Benetako surflaria» kontzeptua behin eta berriz agertzen da eztabaida horietan, eta inoiz ez naiz nire solaskideekin definizio garbi bat osatzera iristen. Oinarri-oinarrian, olatua hartu eta zutik doan kirolaria dela esan daiteke, modu zintzoan. Gero errealitatean, kirol hori egiten dugunok zeintzuk garen ikusi, denak batu, eta hortik ateratzen den pertsonaia xelebre horren perfila ikusita ordea, batere harro egotekoa ez den giza espeziea dela esan daiteke. Eta hortik abiatuta, batzuk surflarien multzo horretatik bereizteko ahaleginetan hasten gara.

Aurtengo udan ez da olaturik izan, edo oso olatu txikiak izan dira. Gehienetan horrela izaten da ordea, beraz, urte osoan surf egiten dugunok, udan olatu oso gutxi hartzen dugu. Udan bakarrik surf egiten dutenak ere badaude, eta hauek arrazoizko argudioak izaten dituzte gainera; olatu txikiak maite dituztela, ur hotza ez dutela gustuko edo dena delakoa. Urte osoan surf egiten dutenen artean ordea, bada gero eta handiago den multzoa, miserableen multzoa alegia.

Gutxieneko surf maila izanda udan nerbioetatik jota uretan ikusten ditudan horiek, ez dute beste izenik merezi. Olaturik ez dagoelako kexatzen dira, jende gehiegi dagoelako kexatzen dira, ikasleek arriskua sortzen dutelako eta beti olatu erdian daudelako... Eta barkatuko didazue, baina nik ez dut ulertzen. Ez noa betiko eskubideen eztabaida txatxu horretan sartzera. Noski eskubidea dutela udan surf egiteko. Egin dezatela nahi dutena, horretarako eskubidea ere emango zaie eta, baina mesedez, duintasun pixka batekin.

Miresten ditut olaturik gabeko egunetan hondartza taularekin lotsarik gabe zeharkatzen duten horiek, jendeak zer dioen beldur ez direla frogatzen baitute. Hain zuzen ere, horren bila dabiltzanak ere miresten ditut, zeren bakoitzak aukeratzen du zein plazatan toreatu. Baina, olaturik ez, eta jaun eta jabe balira bezala aritzeak, auzo-lotsa eragiten dit. Izan ere, surflaria, olatua hartu eta zutik jartzen den kirolaria bada, olaturik gabe itsasoratzen den hori zer da?

Gurean, oso errotuta dagoen ohitura da maila apalagokoekin konparatu eta «la ostia» garela pentsatzea. Hego Euskal Herriko surflariek Espainiako surflariekin konparatzen dute beren burua, eta noski, benetan sinesten dute onak direla. Biarritzera joango balira, lotsagarri geratuko lirateke, eta badakite, baina inork ez du irrigarri geratzea maite.

Urte guztian surf egiteko aukera izan eta udan erregearenak egiten ibiltzen direnen kasua antzekoa da. Ikasten ari direnekin oilar moduan jokatzen dute, gandorra jaso eta kakara eginaz. Neguan ordea, oilo moduan izaten dira urautsian, begirada ezin jaso eta «ko, ko, ko,...» eginaz. Bakoitzak aukera dezala noiz eta non surf egin, baina asko gara, beraz ez gaitezen harropuzkeriatan hasi, galtzeko aukera guztiak eskura baititugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo