GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Allan Byrne surflari mitikoa hil da Balin istripua izanda

62 urteko surflari eta taula egilea moto istripu baten ostean sendu da Baliko ospitale batean.

p032_f03_148x96.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Allan Byrne, taula egile eta surflari mitikoa, Balin zegoen, Rip Curl marka Padang Padang urautsi mitikoan egiten ari den txapelketan parte hartzeko. Dirudienez moto istripu baten ostean besoa hautsi eta burezurrean sekulako kolpea hartu zuen. Garezurrean zauri larri bat zuen eta bost egun egin zituen koma egoeran Baliko ospitale batean, abuztuaren 7an hil zen arte.

Balin egiten ari diren munduko txapelketan parte hartzekoa zen Byrne, Master kategorian, horregatik zegoen olatu bikainak dituen irla famatuan. Leku batetik bestera olatu bila joateko garraiobide merkeena da motoa eta surflari asko ikusi ohi dira Baliko errepideetan taularekin batera eta bestera.

Balin errepidean ibiltzea oso arriskutsua da, ordea; trafikoa anabasa izan ohi da, eta asko dira bertan istripuren bat edo beste izan duten surflariak.

Allan Byrne, Zeelanda Berriko surflaria, Gisborne hirian jaio zen, eta izen handiko surflaria zen; izan ere, 1966, 1968 eta 1970. urteetan munduko surf zirkuituan lehian aritu zen. Australiako olaturik hoberenetarikoak dituen eskualdean bizi zen 1977. urteaz geroztik, Gold Coasten alegia, eta surf taulak egiten egin zituen urratsengatik zen ezaguna batez ere.

Byrnek Zeelanda Berriko armadan aerodinamikaren inguruko gauza asko ikasi zituen eta gero ezagutza hori taulak egiteko erabili zuen. Taularen azpialdean kanalak egiten hasi zen lehen shaper-a (surf taulei forma ematen diena) izan zen. Hala ere, olatu handietarako taulen diseinuan egin zuen ekarpenik handiena, izan ere egun olatu handietarako erabiltzen den ohiko surf taulak, bere diseinua du oinarri.

1969an hasi zen Byrne surf taulak egiten. Hawaiin hasi zen lanean, surf munduan historia gehien duen irlan, O'ahun alegia. Gero, leku desberdinetan izan zen taulak egiten, hala nola Zeelanda Berriko Whangamata hirian, Japonian kaifu kostaldean eta Hawaiin. Nahiz eta Australian bizi, munduko leku anitzetan aritzen zen lanean taulei forma eman eta diseinu berriak asmatzen eta horrela aritu zen azken hiru hamarkadetan.

Byrnek belaunaldi berriei taulak egiten irakatsi nahi zien, eta egungo shaper onenen artean bere ikasle ohiak daude. Allanen semea ere, Jamie Byrne, surf taula egile aparta da eta egun munduko taula egile hoberenen artean kokatzen dute adituek.

Munduko surflari ezagun askok erabili ditu bere taulak eta egun oraindik, bere taulak ikus daitezke mundu mailako txapelketetan. Tomy Carroll surflari australiarrak esaterako bere taulak erabiltzen zituen 1983. eta 1984. urteetan munduko titulua eskuratu zuenean. Gainera, beti marrazki bera egiten zien taulei eta milaka izan ziren marrazki hura kopiatu zuten surflariak.

Abentura zalea zela diote bere lagunek eta olatu handiak maite zituen. 60 urte bete zituen egunean modu bitxian ospatu zuen bere urtebetetze eguna, izan ere, uretako moto baten laguntzaz sei metroko olatuak hartzen aritu zen Hawaiin.

1981ean Pipe Masters txapelketako final historikoan izan zen, Simon Anderson australiarra aurkari zuela. Byrne zendu zela jakin ostean hunkituta mintzatu zen Anderson: «Bera izan zen 1981ean Pipelineko finalean harridura gehien eragin zuen surflaria. Surflari aparta zen eta taula egile bikaina. Berak taulei emandako forma anitzek milaka jarraitzaile izan zituzten. Nire dolumin sentikorrenak eman nahi dizkiet bere lagun eta senideei».

sasoi bitxia

Ipar hemisferioan negua denean izaten dira txapelketa garrantzitsu gehienak, baina tartean, ranking orokorrean eragin dezaketen txapelketak ere izaten dira, eta hori, hain juxtu, garai honetan izaten da.

sailkapen nagusia

Egun, ASPko ranking orokorrean Mick Fanning australiarra da buru. Bere atzetik, Kelly Slater iparramerikarra dago bigarren postuan. Eta hirugarren, iazko txapelduna, Joel Parkinson.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo