Txupineraren aldeko elkarretaratzea egingo dute Bilboko Konpartsek
Ez dago «ez oinarri juridikorik, ez sozialik» txupineraren izendapena atzera botatzeko. Hori salatu zuten atzo Bilboko Konpartsek, epaitegiak eman duen behin-behineko aginduaren aurrean. Aurtengo txupinera Jone Artola izateko erabakia berretsi ostean, elkarretaratzea deitu dute biharko, «bai Aste Nagusiaren eta jaien defentsan, bai jai-ikonoenganako errespetuagatik», herritarrak jaien erabileraz «nekatuta» daudelako.
GARA |
«Aukeratutako txupinera Jone Artola izan zen, publikoki aurkeztu da, eta ez dugu uste motiborik dagoenik bera txupinera izan ahal ez izateko. Ondo ezagutzen du Aste Nagusia, maite du eta konpartseroa da duela urte asko», adierazi zuten atzo Bilboko Konpartsek, beren erabakia berretsiz, izendapen hori bertan behera uzteko epaitegiaren behin-behineko aginduaren aurrean.
Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariak esku hartzeko egindako eskariari erantzunez, Bilboko Udalari hiru eguneko epea ezarri dio epaileak alegazioak aurkezteko. Madrilgo ordezkariak Artolaren izendapena ezeztatzeko eskatu zuen, legez kanpo utzi zituzten zerrendetako hautagaia izateagatik, baita Etxerateko kide izateagatik (Joseba Artola neba du preso) eta Auzitegi Nazional espainolean aztertzeke dauden kasuak dituen Txori Barrote konpartsako kide izateagatik ere. Eta Bilbokoa ez da kasu bakarra. Urquijoren eskaerari jarraituz, Gasteizko epaitegiak ere behin-behineko agindua eman du preso daukaten Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohia pregoilari izateko erabakia atzera bota dezaten. Laudioko Udalak horren aurreko errekurtsoa iragarri du.
Bilboko konpartsek argi azaldu dute txupineraren izendapena atzera botatzeak ez duela «ez oinarri juridikorik, ezta sozialik ere». Bilboko Aste Nagusia «bakean utz dezatela» eskatzeaz gain, izendapen honen inguruan egiten ari diren erabilerarekin herritarrak eta konpartsak «nekatuta» daudela esan zuen atzo Itziar Villafañez Bilboko Konpartsen bozeramaileak Europa Pressi egindako adierazpenetan. Hori dela-eta, elkarretaratzea deitu dute biharko, Arriaga aurreko plazan (12.00etan) Aste Nagusiaren ikonoen defentsan.
Jone Artolaren izendapenaren aurreko polemika «mingarritzat» hartu du Villafañezek. «Oso mingarria da guztiontzat», nabarmendu zuenez, Jone «oso maitatua delako».
«Elkarbizitzarako minbizia»
Jon Salaberria Aralarko Bizkaiko koordinatzaileak txupineraren aurkako erabakia kritikatu zuen atzo, eta Jone Artola «eskubide politiko eta zibil» guztien jabe dela aldarrikatu. Haren esanetan, Carlos Urquijo «elkarbizitzarako minbizi bat da», eta «obsesio obstrukzionista» du. «Pablo Gorostiagarekin sufritu genuen lehenengo, eta orain Bilboko txupinera, Jone Artola, bere jarrera zapaltzaile onartezinaren jomuga bilakatu da».
«Euskal gizarteak egiten eta sentitzen duena errespetatzea da Carlos Urquijok egin behar duena», aldarrikatu, eta biharko elkarretaratzean parte hartzera dei egin zuen Salaberriak. Esan zuenez, «gehienok esklusiorik gabeko elkarbizitza eraikitzen ahalegintzen garen bitartean, jaun hori tematuta dago bidean harriak ipintzen, eta orain, udan, jai herrikoien giroa zapuztea erabaki du». Horregatik, «alde egin dezala» eskatu dio Aralarko ordezkariak Urquijori.
Era berean, Aste Nagusian bete-betean sartu den Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirrek, jaiak «naturaltasun osoz» ospa daitezela eskatu du. Bere ustez, Laudioko pregoilaria eta Bilboko txupineraren izendapenak atzera botatzeak «ez du inolako ekarpenik egiten» bake prozesuan aurrera egiteko, eta aldiz, «amorrua» eragiten du.
Gobernu espainolaren ordezkariak berak adierazpenak egin zituen atzo, Jone Artolaren izendapena salatu osteko polemika dela-eta, «lasai» dagoela eta «legeak dioena» egin duela esanez. Europa Press-i egindako adierazpenetan, Txori Barroteko konpartsakidearen kontra jardutearen arrazoiak berretsi zituen, izendapena «biktimentzat umiliazioa» dela errepikatuz, eta larunbatean azaldu zuen pozaren zergatia ere argitu zuen. Bere esanetan, pozik agertu zen epaitegien «babesa» lortu duelako, eta batez ere babes hori terrorismoaren biktimek jaso dutelako, «gehien inporta zaidana», nabarmendu zuenez.
Bihar, Arriaga plazan, 12.00etan, elkarretaratzea egitera deitu dute Bilboko Konpartsek, «Txupinera Aurrera!» leloarekin, «Aste Nagusiaren eta jaien defentsan, eta jai-ikonoenganako errespetuagatik».