PSEren babesa eskatu du EAJk Gipuzkoan krisiaren kontrako plana bultzatzeko
GARA |
Markel Olano EAJko Gipuzkoako batzarkideak PSEren babesa eskatu du krisiaren kontrako planaren foru araua aurrera ateratzeko. Europa Press agentziarekin egindako elkarrizketan, Gipuzkoako Foru Gobernuaren jarduna kritikatu zuen Olanok, eta Jon Peli Uriguen diputatuaren aurka PSEk aurkeztu nahi duen gaitzespen mozioa babestearen alde agertu zen.
Hala ere, gaitzespen mozioak «ibilbide juridikorik» ez duela nabarmendu zuen, ez baitu Diputazioa inongo neurririk hartzera behartzen. Horregatik, «ibilbide handiagoa» duten neurriak hartzearen alde agertu zen.
Bestalde, PSEren laguntza eskatu zuen EAJko ordezkariak. Zehazki, Diputazioak krisiaren kontrako plan bat garatu dezan EAJk aurrera atera nahi duen foru-arau proiektuari babesa eman diezaion nahi du Olanok.
Plan hori hurrengo urteko aurrekontuetan jasotzea eta «herrialdeko enpresak babesteko» neurriak garatzea da jelkideen helburua.