GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako gazte langabeen kopurua %183 igo da 2008tik, UGTren arabera

GARA |

Nafarroan 34 urtetik beherako 27.200 gazte langabe daude, 2008an krisia hasi zenean baino 17.600 gehiago, hots %183,3 gehiago, Nafarroako UGTren txosten baten arabera. Gazte horietatik, %72,8k ez du langabezia prestaziorik jasotzen eta %44,5ek urte bat baino gehiago darama lanik gabe.

Nafarroan erroldatutako 34 urtetik beherako gazteak 148.436 dira, eta azkeneko biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, horietatik 86.100 dira biztanleria aktiboa, hau da 2008an baino %24,34 gutxiago. Txostenaren arabera, azken bost urteetan 45.400 biztanle aktibo galdu dira, hau da 43,6% gutxiago.

Gazteen %66,8k zerbitzuetan egiten du lan, %22,1ek lanaldi erdiko kontratua dauka eta %33,7k aldi baterako kontratua.

Soldatei erreparatuz gero, 25 urtetik beherako gazte batentzat batez besteko soldata gordina 15.644,17 eurokoa da, soldata batez bestekoaren %64,1a. Zerbait altuagoa da 25 eta 34 urte bitarteko gazteen artean, 21.677,04 eurokoa (%88,9).

Egoera horren aurrean, zenbait neurri proposatzen ditu txostenak. Besteak beste, I+B politikak indartzea, hezkuntza eta produkzio sistema uztartzea, negoziazio kolektiboa indartzea eta muga gabeko kontratazioa sustatzea.

Gurutze Gorria

Bestalde, Gurutze Gorriak estatu mailan kaleratutako txosten baten arabera, artatzen dituen 14 eta 24 urte bitarteko gazteen %60 ez dago ez ikasten, ez lanean. Kolektibo horretako langabezia tasa %79,6koa da eta %24k ez du inongo prestaziorik jasotzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo