udate | ipar ekhian
Anitz balio dute
Jon GARMENDIA | Idazlea
Niri ere erran zidaten ez duzu balio. Ez dut oroitzen noiz izan zen lehen aldiz; agian, bizitzan zehar askotan entzun dut esaldi hori, eta horrek, lehenengoaren inpresioa ezabatu egiten du. Baina demagun eskubaloian ari nintzenean izan zela, ume nintzela oraindik, eta nireak ziren ilusioek beste baten erabakiz nola ihes egiten zuten ikasi nuela, kolpe bat izan zela, nire entrenatzaileak, lehen ekipoarentzat ez nindutela hartuko erran zidanean.
Lagunei futbolarekin pasa zitzaien, beste batzuei bizikletarekin... kirola beti izan baita elitista, eta sailkapen brutalak egin ditu, behintzat, ez dira nehoiz erabakiak hartu giza-balioetan oinarrituta, nik ez dut halakorik ezagutu. Eta neskek, guk baino zailagoa zuten oraindik, kirol maila on bat ukanagatik, haientzat ez zen ekipo bat sortzeko aukerarik ia. Zortzimilako guztiak egin ezean, beste nehork lortu ez duen errekorra egin ezean, nehor gutik eskaini izan die arreta, nehor gutik luzatu die eskua, eta haien balentriak gutitan azpimarratu izan dira. Soluzio anitz behar ditu gaiak, soluzio orokor bat ukan dezan.
Anitzek eman dute iritzia, nerauk baino sakonago, baina enea ere eman nahi dut gai horrekin lotuta. Berriki agertu baitute, presentzia guti duela prentsan emakumeen kirol eginahalak, eta noski, motibazioak piztu ordez, itzali egiten dira halako jarrerarekin. Zer egin behar du neska kirolari batek egunkari bateko azalean agertzeko? Titiak erakutsi?