Plaza libreko binakako finala
Etxemendik eta Maitiak eutsi egin diote txapelari
Amulet eta Luku jokoan gehiago izan ziren, baina hutsak ere asko egin zituzten, eta gero ezin irabazi.
ETXEMENDI - MAITIA 30
AMULET - LUKU 23
Jon LEUNDA
Etxemendik eta Maitiak eutsi egin zioten atzo iaz lortutako txapelari. 1.500 ikusleren aurrean neurketa handia egin behar izan zuten Amulet eta Luku mendean hartzeko, eta amaieran garaipena eskuratzeko.
Ia bi oren iraun zituen finala oso polita izan zen. Plaza librean kintzeak egitea zailagoa izaten da, eta bi bikoteak parekatuak direnean, are zailagoa. Amulet eta Luku indartsu abiatu ziren, eta berehala hasi ziren zuloa egiten, 2-10 aintzineratu baitziren.
Etxemendi eta Maitia pilotari handiak dira, ordea, eta haiek ere nahi zuten zerbait egin, eta neurketa 10ean berdindu zuten. Ondorengo kintzeetan gauzek parean jarraitu zuten, baina berriro ere galtzaileek aurre hartu zuten, eta markagailuan 3-10eko partziala sartuz, 13-20 aitzineratu ziren. Bazirudien finala Nafarroa Behereko bikoteak eraman behar zuela, finitzetik hamar kintzera jarri baitziren, baina ez zen horrela izan.
Amulet izan zen atzoko protagonista, gauza polit asko egin baitzituen, baina pilota asko ere galdu zituen, eta horretaz ederki baliatu ziren Etxemendi eta Maitia, markagailua murriztu, eta aurkariengana hurbiltzeko lehenengo, eta gero 22-22ko berdinketa eskuratzeko.
Hortik aurrera gauzak estu joan ziren, baina hortxe nabaritu zen txapeldunen eskarmentua, 8-1eko partziala sartu, eta garaipena eskuratu zuten-eta.
Amuletek eta Lukuk eskura izan zuten garaipena, une askotan aurkariak baino gehiago ere izan ziren, baina horrek bakarrik ez du balio, aurkariak mendean daudenean kintzeak finitzen ere asmatu behar baita. Horretan ez zuten asmatu, eta amaieran guztia garesti ordaindu zuten. Etxemendik eta Maitiak zirrikitu guztiak baliatzen dituzte, eta atzo ere horixe egin zuten. Agian joko aldetik ez ziren aurkariak baino gehiago izan, baina askoz ere huts gutxiago egin zituzten, eta horrek asko balio izaten du, amaieran txapela jantzi, eta onenak direla erakusteko balio izan baitzien.