GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | KRONIKA: SABEL BESTA. DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Sagardoa udan ere parranda lagun ona dela erakusten du Groseko azokak

Bertako produktuekin sabel besta ederra egin daiteke Donostiako Aste Nagusian. Adibidez, Loiola kalean, Behemendik antolatutako Euskal Herriko nekazari produktuen azokan ekoizleekin elkartuz, edo Katalunia plazako puntako sagardotegian gozatuz.

p052_f01.jpg

Maider IANTZI

Txapelketak ere pizgarri ona dira hemengo jaki eta edarien kontsumoa bultzatzeko. Atzo eguerdian Bretxan egin zuten gazteen entsaladilla lehiaketa horren erakusgarri da. 22 urte baino gutxiago dituzten hamaika gazte bikotek mimo eta goxotasun handiz prestatu zituzten platerak bertako barazkiez baliatuz, barandaren bertze aldetik jendea, bereziki aitatxi-amatxiak eta gurasoak, animatzen zituztela.

Bertara iritsi ginenean Slow Food elkarteko kideak azalpenak ematen ari ziren, parte-hartzaileak borobil batean inguruan zituztela. Patata egosi kilo bat, azenarioak, lekak, arrautzak, ilar, atun eta piper lata bana, letxuga, oliba olioa, gatz fina, maionesa potea... Osagaien zerrenda eman eta epaimahaiak kontuan hartuko zituen alderdiak aipatu zituzten antolatzaileek: prestatzeko modua, garbitasuna, aurkezpena eta, batez ere, zaporea.

Segidan, neska-mutilek osagaiak hartu eta lanari ekin zioten, labana eskuan, mahai luze batean bakoitzak bere lekua hartuz. Intentzioa nabari zitzaien, begira zegoen jendea ere gustura zegoen eta giro polita sortu zen bertako barazkien inguruan... «Non eta MacDonald’s baten bueltan! Ikas dezatela!», aipatzen zuten bi gizonek irriz.

Kuadrillako lau lagunek, bikoteka banatuta elkarren ondoan, pike pixka bat zuten. Ander eta Xabierren taldeak Russian Chef Mafia izena zuen; Jon eta Paulenak, aldiz, The Russian Niggas. Slow Food-eko kideek, Urkiri Salaberriak adibidez, hunkituta so egiten zieten. «Ze lasai dauden, ze goxo ari diren lanean! Oso gustura dastatuko ditugu!», zioen. GARAri adierazi zionez, beti kexatzen gara gazteek ez dakitela McDonaldsen bertzerik jaten eta ekimen honekin barazkiak, bertako produktuak, freskagarriak, etxean prestatzeko modukoak indartu nahi zituzten. Neska-mutilek eurek ere plater goxoak egiteko gai direla ikustea eta sukaldean aritzeko grina piztea bilatu zuten. Denok sukaldariak garela aldarrikatu, eta etxean ikasi dutena praktikan jartzera bultzatu zituzten. Eta bertako produktuak erabiltzea ze inportantea den ere erakutsi zuten, dena eginda erosten badugu hemengo lehengaiek ez baitute zentzurik.

Ondoan, epaimahaiko bertze lagun batek, Federico Pacha sukaldariak hagitz fin eta ongi lanean ari zirela komentatzen zuen. «Mantalarekin etorri dira, batzuk eskularruekin ere bai... Onena gazte jendea izatea da. Gustu eta kontu handiarekin ari dira, eta giro onean. Oso ekimen positiboa da».

Luis Mocoroa Gastronomikako presidenteak ere dastatu behar zituen entsaladillak. Letxuga era ezberdinean moztuz egiten ari ziren oinarriei begira, hagitz plater desberdinak aterako zirela agertzen zuen eta, hain zuzen, sormena dela bultzatu behar dena. Erdian, garaileentzako txapelak eta bordatutako zapiak zeuden zain, azkenik, Amaia Aramendi eta Amaia Fernandezek, Paul Eizmendi eta Jon Olanok, eta Paula Kalzakorta eta Maddi Mendizabalek eraman zituztenak.

Entsaladilla dastatu eta bigarren plateraren bila joan ginen, nora eta Groseko sagardotegira. Bai, bai, Katalunia plazan zabaldu dute sagardo azoka handi bat, txotx denboraldia pasatu den arren, edari nazional hau udan ere primeran sartzen dela frogatzeko. Migel Mari Lasa Tolosako Isastegi sagardotegiko langileak eta Euskal Herriko Sagardo Mahaia sagardogileen elkarteko presidenteak azaldu zigun bezala, herri batzuetan hasi dira baxoerdika eskatzen, lehen pentsaezina zen gauza, baina oraindik gehiago zabaldu nahi dute zuku hau, merezi duen lekua egin nahi diote.
Eta Oktoberfest ikusita, zergatik ez sagardoarekin?

Sagardotegi gorena

Sagardo Mahaia elkarteak, Gorenak zigiluaren sustatzaileak, halako sagardotegia muntatu du. Lasak nabarmendu zuenez, sagardogileak eurak dira antolatu dutenak eta hemen lanean ari direnak. Iaz egin zuten aurreneko edizioan sentsazio onarekin gelditu zirenez, aurten errepikatzea erabaki zuten, berrikuntza batzuekin: ordutegi zabalagoa (12.00etatik 00.00etara), bi gune (bat, eguerdietan, zutik mokadu bat jateko, eta bertzea gauean eserita afaltzeko, menu irekiarekin), bazkari tematikoak (40-50 lagunetik gorako edozein taldek egin dezake erreserba jesnal@sagardomahaia.com-en)...

Bisita eguerdian egin genuenez, lasai zegoen giroa oraindik, baina ari zen jendea pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen. Kupela formako mahaietan bakailao tortilla, odolki eta txorizo pintxoak jaten ari ziren, sagardo, muztio edo ur trago batekin. Txotx egiteko lau kupela daude eta botilatik edateko, hamahiru etxe aukeran. Parrillak ere martxan egoten dira txuleta usain ederrez tentatzeko... Kontatu zigutenez, hauek dira atzerritarrei arreta gehien ematen dietenak, turista ugari hartzen ari baitira: japoniarrak, txinatarrak, italiarrak, kanadarrak...

Funtzionamendua ez da sagardotegi klasiko batekoa, hemen ez baita janaria mahaira zerbitzatzen, self service gisa egin behar da tiketa eskatu eta bandeja batean nahi dena hartuta. Langileek umorez erran ziguten atzerritarrek hobeki erantzun diotela honi; bertakoek, ordea, «zer da hau, McDonalds bat?» botatzen omen dute.

Afaltzeko mahaiak jarrita dauden aldean, txoko batean agertoki txiki bat dago jarrita, arratsaldero, 19.30ean egiten dituzten zuzeneko emanaldietarako, sagardoa musika estilo desberdinekin uztartuz. Atzo saio bikoitza izan zuen: txalaparta eta kirikoketa, eta Arkaitz Miner, Juan Arriola eta Gari Otamendi biolinistak. Gaur, Urko Menaiak kantatuko du.

Bertako jakiak dastatzeko bertze aukera bat San Martin merkatuaren ondoan, Loiola kalean dago egunotan, Euskal Herriko nekazari produktuen II. azoka berezian. Behemendi landa garapenerako elkarteko Mikel Zendoiak agertu zuenez, baserriko produktuen erakusketa zabal bat eskaintzea dute xede, eta ekoizleekin harreman zuzena izatea. Hamasei postuko azokaz gain, dastaketa gune bat jarri dute hantxe kozinatu eta sagardoarekin batera pintxo-pote moduan emateko. Bihar eta etzi sukaldari eta enologo batekin erakustaldia eginen dute, pintxo erraz bat prestatzen ikasteko eta sagardo mota desberdinen ezaugarriak ikasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo