GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi | Kazetaria

Krimen legitimoena

Euskal Herria bizikleta eta alforjekin zeharkatzen dabilen alemanarekin elkarrizketa gozo bat oparitu zidan aurrekoan abuztuko goiz partikularrak. Maparekin hurbildu zitzaidan itzalpean bankuan barto- lo-bartolo eserita nengoela, Bizkaia aldera joateko bideen berri galdetuz. Esertzera gonbidatu nuen, deskantsua ederra eta hitza ederragoa direlako. Eta halaxe, gizon-gizon portatuta lasai hitz egin genuen, atsegin handiz.

Ez dakit onean hartu zidan baina aipatu, aipatu nion nola alemanak hegemonikoak, haiek nola diktatu hemen hala hartzen direla erabakiak, prusiarra den martxa batean dantzan ari garela... estereotipo merkeak agian baina gero eta hedatuagoak direla inguruotan. Haren erantzun sakonak, sendoak ibili ditut buruan. Broma gutxi.

Europak ez daukala soilik zorraren arazo bat, ala euroa salbatzeko erronka ziostan. Zorrak ez pagatzeagatik mundua ez dela bukatzen eta beste. Funtsean mentalitateen borroka bat ikusten zuen berak, protestanteen lanaren etika eta katolizismoaren etikaren arteko talka. Sakrifiziorik gabe ez dagoela saririk, alemanek oso sartua dutela hori, osasunerako beharrezkoak diren baino ordu gehiago lo egitea, siestarekin ongi bizitzea denbora-galtzetzat dutela, alferrontzi eta bibidoreen gizarte baten seinale. Lantzatu egin zitzaidan azkenean. Bera kulturalki kalbinista zela eta txikitatik ikasia duela lana, lana egitea dela Jainkoak gidatutako bizitza baten helmuga eta bidea. Askok Alemania deabrutu eta madarikatu arren, geldiezina zela erloju hori. Kapitalismoak turboa sartuta duelako.

Zer izango litzateke denbora-galtzea eta nagikeria, bainu erlaxanteak hartzea jendearen behar egingo balira? Non geratuko lirateke produktibitatea eta efizientzia? Zortzi ordutik gora lo egitea? Siesta? Ze mentalitate klase da hori? Nola funtzionatuko du herri batek horrela? Natural egiten zizkidan galderak.

Agurtzeko unea etorrita, zera aipatu nion konklusio gisara edo: aleman ala euskaldun, denbora galtzea ez, baina denbora hiltzea, munstro hori akabatzea baino krimen arrunt eta legitimoagorik ez dagoela. Hori bizitzaren irakasgai perlatzat nuela. Bizikletan abiatzear zela, atzera begiratu eta «aizu!, faborez, ze ordu da?» galdetu zidan. «Orain... eternitatea punttu-punttuan» erantzun eta elkarrenganako irribarre batez segitu genuen nork bere bidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo