GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Ondarroako jaiak

Plazagaine, 30 urteotan lau egunez etengabe

Etengabe hazten, ehunka lagunen etengabeko lanaren ondorioz, eta etengabeko ilusioa biltzen dituen Plazagaineko jantokiak jaietan blai dabiltzanen sabelak bete izan ditu azken 30 urteetan. Alde zaharraren ondoan, jaia «barru-barruan» darama, eta hori kutsatu egiten da.

p046_f02_148x100.jpg

p046_f03_97x80.jpg

Nerea GOTI | ONDARROA

Atzo errepresaliatuen aldeko herri bazkari erraldoia egin ostean, gaurko plana ez da askoz lasaiagoa izango Plazagainen lanean dabiltzanentzat. Aipatzekoa da lau egunetan 2.000 kilo hegalabur eskaintzen dutela bertan. Mila kilo pasatxo kipularekin erretzen da, eta gainerakoa marmitakoan ematen da. Menuko bi plater nagusiak dira horiek. Horrez gain, berrehun kilo inguru sardina erre dituzte beste urte batzuetan, antolatzaileen esanetan, eta gainera, postreak eta ogitartekoak ere eskaintzen dituzte jantoki ederrean, «maitasun osoaz eginak, eta giro ezin hobean», nabarmentzen dutenez.

«Egunean, txanda bakoitzeko 50 pertsona ibiltzen gara», azaltzen du Nerea Gartziak boluntarioen lanarekin eratzen den proiektuaren tamainaren adibide gisa. Txanda bi izaten dira: bazkariak eta afariak zerbitzatzeko. Eguerdikoak dira bereziki potenteak, batzuetan 18.00ak arte ibiltzen baitira zerbitzatzen. Bertan kozinatzeaz eta zerbitzatzeaz gain, «atunari burua kendu, atuna prestatu, marmitakoa prestatu...» eta hainbat lan dago. «Puzzle moduko bat da hau», diotenez.

Gartziak umetatik ezagutu du Plazagaine. Gazte hasi zen txandak egiten, eta lana ez du zamatzat hartu. Izan ere, une politenen artean, urteetan lan egin dutenei eskainitako omenaldia aipatzen du. «Niretzat luxua izan da horien ondoan lan egitea», aipatzen duenez. «Gustura egin dut lan, jaiak bizitzeko beste modu bat ere bada», gaineratzen du. Bere ustez, Plazagainek badu xarma berezia, eta erakargarritasuna kokapenarekin lotuta ere badagoela nabarmentzen du. Alde zaharraren ondoan izanik, «jai giroa barru-barruan» daramatela dio.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo