GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Ondarroako jaiak

Egun nagusia, danbor feministen doinuan

Hirugarren urtez, mezu lila zabalduko du Andrabanda Feministak gaur andramaixetan: 25 ondarroar perkusioan jo eta ke, ozen esan beharrekoari musika ipini eta jai giroa sortzeko.

p047_f03_148x84.jpg

Nerea GOTI | ONDARROA

Andramaixetako egun nagusian, danbor feministen hotsek herriko azken zirrikituraino eramango dute emakumeen mezua. Adinik ezagutzen ez duen Andrabanda Feministak prest ditu doinuak, bai guztiontzako ezagunak izango direnak bai bat baino gehiago ustekabean hartzeko moduko kantu zaharren bat edo beste ere. «Sorpresatxo batzuk ditugu», aurreratu zion GARAri Naiara Gartzia Mantzizidor bandako kideak.

Hirugarren urtez zabalduko du mezu lila Andrabanda Feministak. Hasi ziren hamahiru salsereei dozena bat gehiago batu zaizkie bidean, eta, hala, 25 dira jada jaiak girotu eta aldarrikapenez beteko dituztenak. Kalerik kale, jaietako bihotza den alde zaharrera hurbilduko dira, aurreko urteetan bizitako une bereziak errepikatzeko asmoz. Badakite zaila izango dela beste herri batzuetako emakumeekin batera danborra jotzen 80 perkusionista bildu zireneko une bikain hura errepikatzea, baina azken hiru urteetan bidea egiten joan dira eta gozatu egiten dute herritarren hurbiltasunarekin. Ideologia eta adin ezberdinetako emakumeak elkarrekin jaiez gozatzen eta beraien eskubideak aldarrikatzen ikustea ez da erraz ahazten, eta hori bide bat zabaltzen ari da gazteen artean: baloreena.

Etxelila, gauzatutako ametsa

Ondarroak ez dauka kasualitatez Andrabanda Feminista bat. Urteetako lanketa feminista egon da herrian, erreferente bilakatu da hainbat kontutan, eta horretan pisu handia izan du ibilbide luzeko jabekuntza eskolak berak. Rakel Elu Berdintasun Saileko zinegotziaren esanetan, emakume taldeen mugimendu indartsua egon da beti Ondarroan, bai ideologia feministakoena bai feminista ez direnena ere. Horrek, noski, isla du kalean.

Luzaroan emakumeen aldarrikapena izan den Etxelila estreinatu berri dute. Hamaika ekitaldiren gunea izanik, ideien iturri ere bada Berdintasun Kontseiluan. Hala, hurrengo urtean andramaixek Emakumeen Eguna izango dute seguruenik, Gazte Eguna, Amnistia Eguna edota Arrantzale Egunarekin batera. Eluk nabarmendu bezala, emakumeek «jaietan ondo pasatzeko» eta «argi dutena aldarrikatzeko» beste aukera bat izango dute horrela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo