Kataluniako Diadari begira elkartasun ekimenak deitu ditu Independentistak sareak
Datorren irailaren 11n ospatuko den Diada dela-eta, elkartasun ekimenak antolatuko ditu Independentistak sareak irailaren 7rako. Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte, eta Kataluniako prozesu soberanistaren aldeko elkartasuna bultzatzea izango dute xede.
GARA |
Ezberdina izango da aurtengo Kataluniako Diada. Orain arte ohikoa izan den manifestazioa egin beharrean, herrialde osoa zeharkatuko duen giza kate erraldoi bat egitekotan dira. Ekimenak izango duen garrantzia dela-eta, Independentistak sareak bere alea jarri nahi izan du. Horregatik, irailaren 7rako Euskal Herriko hiriburuetan elkartasun ekimenak antolatuko dituztela iragarri zuen -nahiz eta oraindik zehaztu ez-. Kataluniako prozesu soberanistaren aldeko elkartasuna bultzatzea izango da ekimenen xede nagusia, eta horretarako, euskal hiriburuetan giza kateak egitea proposatzen du Independentistak sareak, horren segidan elkartasun ekitaldiak egiteko.
Sarearen aburuz, katalanen «gehiengo zabal batek» burujabetzaren bidean aurrera egitea erabaki du, eta Euskal Herrian gauza bera gertatzen ari da. «Hemen ere, gero eta gehiago gara independentzia etorkizunerako aukerarik onena dela pentsatzen dugunak. Olatu independentista berri bat martxan jartzen ari da eta ziur gaude Euskal Herriak bere tokia izango duela bertan», zioten komunikabideei igorritako prentsa oharrean.
Bi herrialdeen arteko antzekotasunak ere izan zituzten hizpide, eta «nahiz eta prozesu politiko bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak eta bereziak izan», batak bestearengandik zer ikasi baduela aldarrikatu zuten.
Aurreko urteetan bezala, Katalunian izango da Independentistak sarearen ordezkaritza bat Diada egunean, Assemblea Nacional Catalanak (ANC) gonbidatuta. Aurten, ordea, erronka bat jarri dute eta autobusak antolatzea pentsatzen ari dira, «joateko gogoa dutenei aukera eman eta euskal independentiston presentzia handiagoa izan dadin hain une politiko berezian ospatuko den Diada honetan».
Euskal Herriak ere izango du bere giza kate propioa 2014ko ekainaren 8an. Durango eta Iruñea lotuko ditu, eta erabakitze eskubidearen alde dauden 50.000 pertsona bildu nahi dituzte.