UDATE | Goizuetako jaiak
Goizuetarrek erritmo biziz ekin diete jaiei
Jaiak modu ofizialean hasi aurretik, goizuetarrek ikurrinari omenaldia egin zioten, eta behin txupinazoa lehertuta, trikitilari eta buruhandien erritmoan ekin zioten jaiari.
Aitor AGIRREZABAL | GOIZUETA
Jaiak jai dira, eta goizuetarrek horrela hartu zuten atzoko eguna. Txupinazoarekin batera, kaleak giro eder eta musikaz jantzi eta festari ekiteko prest ziren, igandea bitartean atsedenik ez hartzeko asmoz.
Aurretik, herritarrek, ohi den moduan, ikurrinari omenaldia egin nahi izan zioten. Trikitilarien erritmoa gailendu zen lehenbiziko orduetan Goizuetako kaleetan. Haurrek buruhandien aurrean korrika egiten zuten bitartean, erraldoiek euren gona luzeak jarri zituzten dantzan. Atzo, jaietako Gazte Eguna izaki, gazteek euren erritmo propioa eraman zuten, eta lehen-lehenik, poteoan ibili ziren herrian barrena.
Behin egarria aseta, gazte bazkariak indarrak berreskuratzeko parada itzela eman zien. Jendez lepo izan zen herri bazkaria. Arratsalderako fresko-fresko egon beharra zegoen. Jai egun luzea zeukaten goizuetarrek oraindik ere aurretik.
Arratsaldean egitaraua ere ez zen makala izan. Peñak ez zuen hutsik egin, eta Umore Onatik irten zen, goizuetarrak dantzan jarri eta poteo erritmoa markatzeko helburuarekin. Arratsaldeak, hala ere, etenune txiki bat izan zuen 20.00etan. Orduan, bederatzigarren urtez segidan euren eguna ospatu zela aprobetxatuz, gazteek euren txupinazo propioa izan zuten gaztetxean. Gazteek festa parte-hartzaile hauetan euren papera aldarrikatzeko momentu egokia ikusi zuten, era berean.
Nekerik ez zen agertu atzokoan Goizuetan. Parranda eta dantzan egiteko Gabezin taldeak eskaini zuen dantzaldia, eta gaztetxean DJ Oattolo izan zen azken erritmoen arduradun. Lau egun gehiago dituzte aurretik, gorputzak eutsi egiten badie, behinik behin. Indarrak xahutu eta berreskuratzeko planik ez zaie faltako.
Gaur, parrandan dabiltzanak lehen entzierroan parte hartu nahi dutenekin nahasiko dira goizeko zortzietan. Gaua luzatu dutenek gosaltzeko aukera hobetsi beharko lukete une honetan. Eguerdian, ajea gainditzen dutenentzako pilota partidak izanen dira. Kirola ikusteak ez du aurreko gaueko alkohola erretzen laguntzen, baina gorputza aktibatzen hasteko, frontoira gerturatzea ez da plan txarra.
Euskal kulturak txoko garrantzitsua beteko du Goizuetako jaietan, eta goizean euskal pilota izango bada protagonista, arratsaldean bertso saioak hartuko dio txanda. Gai librean arituko dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Xabier Silveira, ikus-entzuleen gozamenerako. Horren osterako, Umore-ona elkarteak herri afaria antolatu du, gau berri bati behar den moduan aurre egiteko. Bihar, oraindik asteburu luze bat aurretik geratzen denez, euskaldun kulturan hain garrantzitsua den hirugarren puntu bat jorratuko dute. Jana. Eguerdian bakailao lehiaketa eginen dute, herriko sukaldari trebeena bilatzeko asmoz eta aitzakiaz, plater on batez gozatzeko asmotan.
Ez da hori izanen eguneko lehiaketa bakarra, bazkalostean mus txapelketan arituko baitira karta jokoaren zaleak. Horrek, herritarren artean tirabira pare bat ez ezik, trago eta zigarro batek lagunduta, giro polita sortzeko ere aukera emango die goizuetarrei. Ez dira gutxi urtea ematen dutenak herrikideen kontrako horrelako txapelketa baten esperoan. Gauean, berriz ere, musika gailenduko da Goizuetan. Laiotz taldeak dantzaldia eskainiko du plazan, gaztetxean Emonek eta Gibelurdinek kontzertua ematen duten bitartean.
Pilota partida profesionala
Larunbata, euskal jai batean hutsik egin ezin duen sagardoari eskainiko diote. Eguerditik aurrera sagardo probaketa egiteko aukera izanen da. Hala ere, denek ezin dute sagardoa edan eta edan ibili, beraz, txikientzako puzgarriak egonen dira bai goizez zein arratsaldez. Era batean edo bestean, denek izanen dute jaiaz gozatzeko parada.
Arratsalderako utzi dute festetako puntu potenteenetako bat. 19.30erako, profesionalen arteko pilota partida dago iragarrita. Etxeko Jon Apezetxea eta Asier Olaizola, Mikel Olazabal eta Kepa Peñagarikanoren aurka lehiatuko dira. Zaleak zeinen alde joanen diren argi dagoela dirudi, hala ere, frontoiko giro paregabea partidaren emaitzatik harago doala ziurtzat jo daiteke.
Bost jai egun, gora eta behera ibiltzeko aitzakiarik jartzen ez dutenak. Festetako erritmoari jarraitzeko hainbat aukera desberdin, gustu eta adin guztietarako, bai goizuetarrendako, bai, urtero legez, inguruko herrietatik etortzen diren bisitari guztientzako. Jai herrikoi eta parte-hartzaileak abian dira.