Guardia Zibilak Inasako langileen aurka erakutsitako basakeria, Espainiaren irudia
Lantegi barruan eserita beren lanpostuak defendatzen ari ziren langileak, Guardia Zibilak jipoituta. Atzo Irurtzunen ikusitako irudi hori ezin adierazgarriagoa da, Sakana eta oro har Euskal Herriko egoera kaskarraren eta hura kudeatzeko moduaren adierazle, alegia. Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak oso ondo ordezkatzen ditu, Madrilgo Gobernua ez ezik, bakan batzuen interes pribatuak ere, Guardia Zibila haien zerbitzuan jarriz. «Legea betearazteko», hartarako justiziarik oinarrizkoena zapaldu behar badute ere.
Luze jo du Inasako langileen borrokak atzoko langile harresira arte, luze eskualde bateko langabezia tasak eta ehun industrialaren eraispen ikaragarriek eragindako egoera kaskarrak, eta luze, halaber, Nafarroako Gobernuaren zabarkeriak. Areago, nafar guztien ongizatea helburu izan behar duenak, gutxienez haien beharrak asetzea bermatu behar duenak, ez du horretan inbertitzen, beste inbertsio «garrantzitsuago» batzuk nahiago baititu, hala nola AHT, loturarik gabeko 70 kilometroko trenbidea, Estatuari dagokion diru atala ere jarriz. CAN auziak agerian utzi duenez, diru publikotik dietak banatzen trebea izan, baina ez da gauza Inasan jokoan dauden ehunetik gora lanpostuek jarrai dezaten esku hartzeko. Enpresa bideragarria izanda ere, inbertsio talde baten eskaintza gorabehera. Lanpostu horiek, beste hainbat nafarrenak bezalaxe, ez dira Iruñeko Gobernuaren lehentasuna. Ez lehentasuna, ezta kezka ere. Aitzitik, nafar gehien-gehienei begira egin duen politika gizarte eta lan arloko murrizketak izan dira, egoerak hobera egitea helburu, omen; hala ere, hobera egin duen egoera bakan batzuena baizik ez da izan.
Eskuarki polizia indarrak, herritarrak babesteko tresna omen direnak, langileei, langabeei, gazteei eta oro har jende arruntari oldartu ohi zaizkie. Agintarien esanetara eta enpresaburuen zerbitzura. Atzo ere, Guardia Zibila goizean goiz Inasan agertu zen fabrika hustera eta beren lanpostua, beren bizimodua era baketsuan defendatzen ari ziren langileak jipoitzera. Langile horiek entzun beharko dute, gainera, legeak berdin direla denentzat.
Atzo Irurtzunen gertatutakoa Sakanako eta oro har Euskal Herriko egoera ekonomiko eta politikoaren isla da, baina baita Espainiaren irudia ere, pilatzen zaizkion arazoei heltzeko moduaren erakusgarri baita. Izan ere, Guardia Zibilaren larderiak eta basakeriak oso ondo irudikatzen dute arazoak konpontzeko era hori. Langileen eta gizarteko sektore babesgabeenen aurkako politikak ezarri ondoren, bidegabekeria horien aurkako protesta egitera ausartzen direnak kriminalizatu eta jipoitzen dituen «konponbidea». Espainia handinahi baina ziztrinaren irudia.