GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Kopa

Nazabal estutzea izango da gainerakoen helburua

Etxarriko txapeldunarekin batera, Azurmendi, Olasagasti, Atutxa eta Otaegi neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ekinaldia 19.00etan hasiko da, Trinitate plazan.

p028_f01_97x164.jpg

Jon LEUNDA

Bost aizkolari arituko dira Donostiako Urrezko Kopan. Bertan, Euskal Herriko Txapelketako bost onenak izaten dira lanean, baina aurten aldaketa batekin etorriko da. Izan ere, Unai Otañok han izan behar zuen, baina min hartuta dago, eta oraingoz ezin du aizkoran aritu Ibarrako aizkolariak. Beraren ordez jardungo da Joseba Otaegi.

Zizurkilgo aizkolariarekin batera, Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti eta Aitzol Atutxa neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak 14 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ekinaldia 19.00etan hasiko da Donostiako Trinitate plazan.

Floren Nazabal izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Nafarra da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta pasa den igandean Sunbillan jokatu zen torneoan ere lan bikaina egin zuen. Bera ongi baldin badago, gainerakoek ez dute Etxarrikoari txapela kentzea batere erraza izango.

Iñaki Azurmendi ere faboritoen zerrendan sartu behar da. Arriarangoak irabazi berria du Gipuzkoako txapela, orain dela hiru aste jokatu eta bereganatu baitzuen Mendaron. Saiatuko da Etxarrikoari eutsi, eta amaieran berari gain hartzen, baina ez du batere erraza izango.

Joxemari Olasagasti ere kontuan hartu beharreko aizkolaria da. Urteetan aurrera doa, baina oraindik oso ongi dago. Gipuzkoako finalean oso lan ona egin zuen, eta bigarren amaitu zuen. Pasa den igandean Sunbillako Torneoan ere itxura bikaina eman zuen, eta eskarmentua ere soberan dauka. Kana-erdikoak oso erraz pasatzen ditu Igeldokoak, eta hasieran faborito nagusien artean agertzen ez bada ere, berak irabaztea lortuko balu ere, ez litzateke ezuste handiegia izango.

Gazteak

Aitzol Atutxa izango da gaur arituko den aizkolarien artean gazteena. Behetik gora oso indartsu datorren aizkolaria da. Bizkaian ez dauka aurkaririk, baina gaur zaila izango du txapela eskuratzea. Bere asmoa lan on bat egin eta azkena ez geratzea izango da.

Joseba Otaegi seigarren izan zen pasa den urteko Euskal Herriko finalean eta Unai Otaño ordezkatzea egokitu zaio. Horrelakoetan ez da erraza izaten ikaragarrizko lana egitea, baina zizurkildarrak dohain asko ditu, eta dituenak emango ditu gauzak ongi egiteko. Itxura ona eman zuen igandean Sunbillan, eta Atutxak bezalaxe, lan on bat egin eta azkeneko postu horretatik ihes egitea izango da gipuzkoarraren helburua.

Aizkolarientzat gaurko neurketa hau urteko zitarik garrantzitsuenetakoa izateaz gain, zaleentzat ere badu garrantzia. Izan ere, laster izango baita Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa. Oraindik ez dago ez data ez leku zehatzik, baina pentsatzekoa da hilabete asko baino lehen jokatuko dela. Beraz, gaurko neurketan, egun dauden aizkolaririk onenetakoak une honetan nola dauden ikusteko aukera izaten da. Gaurko lana eta Euskal Herriko Txapelketakoa ezberdinak izaten dira, baina Donostian egin beharrekoa ere lan polita da aizkolarien maila neurtzeko.

Lopez eta Mugertza II.a neurtuko dira Gernikan

Urrezko Kopaz gain, gaur Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldia ere izango da. Hor ere 19.00etan hasiko da ekinaldia, eta Mugertza II.a eta Juanjo Lopez izango dira aurrez aurre. Txapelketa honetan Banakako Urrezko Aizkoran izan ziren aizkolaririk onenak ari dira neurtzen.

Ugaitz Mugertzak aurreko jardunaldian galdu egin zuen Atutxarekin, eta atzera geratu nahi ez baldin badu, gaur irabaztera behartuta dago. Juanjo Lopezentzat lehen saioa izango da, baina garrantzitsua izaten da hasieratik puntuak pilatzen hastea. Bi aizkolariek lan ezberdinak egin eta denetako denborak batu egingo zaizkie. Saioa Gernikako plazan jokatuko da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo