HARRI-JASOTZEA
Urruzuno eta Izeta III.a izango dira Mallabian irabazteko faboritoak
J.L.
Zazpi harri-jasotzaile neurtuko dira gaur Mallabiko plazan, bertako lehiaketa jokatu eta irabazteko asmoarekin. Ekinaldia 17.30ean hasiko da.
Urrutia, Urruzuno, Izeta III.a, Eizagirre, Lopetegi, Otaegi eta Galarraga lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bost minutu izango ditu.
Izeta III.a eta Urruzuno aterako dira garaipena lortzeko faborito. Ez da aurten lehiatzen diren lehen aldia, eta borroka oso politak izan dituzte, eta gaur ere horrelaxe izango da. Urruzunok, gainera aurten Bizkaiko txapela ere irabaztea lortu du.
Berri pozgarrien artean, bertan agertzen diren harri-jasotzaile gazteak dira. Izagirre, Otaegi eta Lopetegi, 20 urtez azpikoak dira, eta beraiengan ere zaleek itxaropen handiak dituzte jarrita.
Harri-zulatzen, berriz, gaur jokatuko da Leitzan, 12.00etan, Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia. Trapagaran, Burdin Gazteak, Errekatxo, Kabiezes, Las Karreras A eta Las Karreras B arituko dira. Ortuellako Burdin Gazteak eta Errekatxo agertu dira orain arte indartsuenen artean, eta hori erakutsi nahiko dute.