UDATE
Hogei urte antzerkiaren bidez algarak eragiten
Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdiak hogei urte bete ditu jada. Atzo hasi eta igandera arte, jende ugari erakarriko du beste behin ere jaialdiak. Izan ere, herritarren laguntzari esker, urtez urte goi mailako antzezlanak eskaintzea lortzen dute Arabako herrian. Bestalde, Artzain Eguna ere ospatuko dute gaur Araian, X. Idiazabal Gaztaren Lehiaketarekin.
Amaia GARTZIA
Herri txikia, barre algara handiak. 1994an landatu zuen Porpol antzerki taldeak Araban oihartzun handia duen antzerki jaialdiaren hazia, non eta Asparrena udalerriko Araia herrian. Hogei urteren bueltan, umorea ardatz duen festibala «guztiz egonkortuta» dagoela esatera ez da ausartzen bertako zuzendari Javier Alkorta, Txortas, nahiz eta, berak ondo dioen moduan, «hogei urte ez dira kasualitatez betetzen». Inor sekula Araiako jaialdira hurbildu bada, jakin badaki -eta norbait aurrenekoz bertaratzekotan bada jakin beharko luke- ikusleen parte hartzea ez dela barre egin eta txalotzera mugatzen Arabako zitan. Abuztuaren 15aren bueltan, antzerkiaren alderik bizi eta jostarienak ezinbesteko hitzordua du urtero Araian: ikusleak aktore bilaka daitezke, agertokiak obran zehar lekuz aldatzen joaten dira, eta, publikoaren eta aktoreen arteko elkarreragina hain da handia, posible dela behin gertatu bezala aktore bat Araiako bizilagun baten etxeko balkoira igo eta bere barruko arropekin sartzea. Izan ere, kale antzerkia eta taula gainekoa uztartzen ditu jaialdiak; lehenengoak jai kutsua eta izaera ematen dio jaialdiari, eta, bigarrenak, seriotasuna.
Araia eta inguruko herrixketako biztanleen erantzuna aparta izan ohi da. «Hasi ginenean ez genuen horrelako erantzunik espero», aitortu du Alkortak. Arrakastak, baina, ez du laguntza publiko eta pribatuak gutxitzea eragotzi. Hori dela eta, aurten goizetako antzezlan kopurua eta kaleko antzerki obrak gutxitu behar izan dituzte. «Pixka bat baldintzatu gaitu horrek. Gainera, antzezlan askok iluntasuna beharrezkoa zuten taularatzeko orduan eta horregatik ezin genituen egunean zehar programatu», azaldu du Alkortak.
Aurten jaialdiak bi hamarkada beteko dituela-eta, ez dute omenaldi edo jarduera berezik aurreikusi urtemuga ospatzeko. Alkortak argi du Araiakoa osotasunean antzerkiari eta ikusleei eskainitako jaialdia dela: «Nahikoa omenaldi egiten diogu geure buruari jaialdia antolatzeko egindako ahaleginarekin bakarrik. Ditugun baldintzekin hogei urte bete izana bera bada jada nahikoa omenaldi! Jendearen erantzunak eman dio dimentsio hau jaialdiari». Hori bai, bakoitzaren burua neurtzeko gai izatea eta noraino hel daitekeen jakitea aurrera egiteko ezinbesteko baldintzak direla uste du: «Arrakastaz hiltzea alferrikakoa da; horrelako gauzetan ezinbestekoa da neurritasuna».
Valentziako Vaiven Producciones etxearen «Terapiak» antzezlanarekin zabaldu zen atzo jaialdia. Hori bai, euskal aktoreek euskaraz egindako koprodukzioaren eskutik: Mikel Losada, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Ana Pimienta eta Asier Ortesagastik harreman afektibo eta sexualen inguruko komedia aurkeztu zuten.
Detritus Teatrus «Jhony &Jane» antzezlana ere heldu da Araiara. Bikote horrek istorio bat kontatuko die ikusleei; hori bai, bikoteko kide bakoitzak bere bertsio propioa emango du. Normalean jarraian eskaintzen den lana bada ere, Araian «kapituluka» emango da. «Obra zatitu egin dugu, gaur eta etzi Johnyk kontatuko du istorioa, eta, bihar eta etzidamu, Janek bere bertsioa eskainiko du», azaldu du Artolak. «Horrela, ikusleak ez dute Andra Mari aretoko eta Arrazpi kiroldegiko emankizunen artean aukeratu beharrik izango, eta, bide batez, bi orduko antzezlana arindu egiten da».
Eskemak apurtuko dituen bigarren ezustea Pez Limbo konpainiaren «Espinazo o callos» lana da. Gaur eta hilak 18an zehar, emanaldi bat baino gehiago eskainiko dituzte, baina sarrerak telefonoz baino ez daude salgai eta edukiera oso txikia izango da: hogei pertsona inguruk baino ezingo dute emanaldi bakoitzaz gozatu. Orotara sei pase egingo dira. Arrazoia? Antzeztokia sekretua da. «Ez dizuet esango -barre egin du Alkortak bihurri-. Jendeari ere ez diogu esango, beste toki batean bilduko ditugu eta hortik antzeztokira eramango ditugu». Batek daki, beraz, nora eramango dituen ikusleak atzo hasi zen Araiako Umorezko Antzerkiaren Jaialdiak. Algararen estasira iritsiko direla behintzat argi dago.
Horrez gain, Pepe Viyuela aktoreak bere «Encerrona» antzezlan ezagunarekin barreak sortuko ditu Arrazpi Berri kiroldegian. «Starfatal» emanaldia, bestetik, ikusleak aho bete hortz uzten saiatuko da malabar, akrobazia eta hegaldiak baliatuta. Jose Luis ugazabak, bestalde, Las Chirigoticas konpainiaren La Copla Negra taberna ezagutzeko aukera emango digu; bertan, la Olvido, la Manuela eta la Chanak eskaintzen dituzten ikuskizunez gozatzeko aukera aparta izango dute bildutakoek.
Urterik urtera jaialdiak ikusleak irabazten dituela ere nabarmendu nahi izan du Javier Alkortak: «Ezin hobea den asistentzia maila batean gaude duela urte batzuetatik hona. Hor ondo gaude, ez dut uste gehiago behar dugunik».
Jaialdiaz gain, Artzain Eguna ere ospatuko dute gaur Araian. Urteak daramatzate antzerki jaialdiaren barnean artzaintza eta antzerkia bezalako bi mundu hain ezberdin lotzen. «Giro oso ona egoten da herrian bi ekitaldioi esker», aitortu du Alkortak. 10.00etan, Goizkorri txarangak alaituko ditu kaleak goizeko deiarekin. Ordu berean, bertako produktuak eskuragarri jarriko dituen artisauen feria zabalduko da. 11.45ean, gazta-dastatzea egingo da, eta, 11.30etik 14.00etara, X. Idiazabal Gaztaren Lehiaketa.
Eguerdian, berriz, herri kirol erakustaldia izango da, baita txistulariak ere. Ostean, 13.00etan, Oihane Perea eta Sebastian Lizaso bertsolariak. Bukatzeko, arratsaldeko seietan, Artzain Txakurren Lehiaketari emango zaio hasiera; Arabako txapelketako kanporaketa jokatuko da.
Egitaraua
10.00>Artisautza azoka.
10.00>Bertsolariak. Oihane Perea eta Sebastian Lizaso.
12.30-13.15/18.30-19.15>«Espinazo o callos?». Pez Limbo konpainia. Erreserbak: 699363336.
20.00>»Starfatal». Los 2play.
21.00>»Jhony & Jane (Johny)». Kapitulukako antzerkia.
22.30>«Encerrona». Pepe Viyuela.
00.30>herriko plaza.«Sueños de arena». Borja Ytuquepintas.
21.00>«Jhony & Jane (Jane)». Kapitulukako antzerkia.
22.30>»Hotot». Cascai Teatre.
00.30>herriko plaza.»Entre lombrices». Kolectivo Mostrenko + Zanguango Teatro.
20.00>»Anplag» (euskaraz). Ameztu produkzioak + Imaginaciones Nai 2.
21.00>»Jhony & Jane (Johny)». Kapitulukako antzerkia.
22.30>»La copla Negra». Las Chirigoticas.
00.30>herriko plaza.Cirque de Legume.
12.30-13.15>»Espinazo o callos?». Pez Limbo konpainia.
13.30>«Jesús LaVirgen!». Magialdia.
20.00>«Lana». Pez Limbo.
21.00>»Jhony & Jane (Jane)». Kapitulukako antzerkia.
22.30>»Plecs». Enfila´t.