GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Ez gara argazki

Jon GARMENDIA | Idazlea

Argazki kamera eskutan, dozenaka pertsona ikusten ditut egunerokoan. Turistak, badirudi, haien begiz baino, lekuak kamerarekin ikusteko heldu direla Lapurdiko kosta inguru honetara. Baina, tira, guk gauza bera egiten dugula pentsatu ohi dut; hau da, leku arrotzetara joan eta haiek argazkian hartuta itzuli etxera. Argazkiak, memoriaren lagun hurkoak baitira, gertatu eta ikusitakoaren oroigarriak. Eta halakorik egiten ez duenak errealitatea berdin bizi ote duen jakinen nuke gustura. Zokoako gotorlekua, Ziburuko arrantzaleen kaia, Donibane Lohizuneko itsas badia... nekez zahartuko dira; haien aitzinean irribarrez agertzen dena, ordea, zahar bilakatuko da, eta, agian, protagonistak horregatik gordeko ditu argazki horiek kutxa baten barnean, iragana beti baita ederrago, hura beti orainarekin alderatu nahi izaten ez duzun arren. Oscar Wilderen Dorian Gray heldu zait halakoetan gogora; hura gazte eta lerden ageri zen bitartean, bere erretratua etengabe zahartzen zihoalako. Anitz adierazten omen du argazki batek, zuri buruzko informazioa ematen omen du. Hori sarritan entzun dut; pentsamendua, ordea, Andoni Egaña handiak idatzitako bertso honekin lerratu izan zait: «Erabaki dut egingo dizut, zure argazki gorena/ aprobetxatuz ilunabarra, morez janzten den orena/ errebelatu zaitudanean, nere mina nere pena/ ez da berdina neke unea, edo ta lotan zaudena/ elkar maitatu aurrekoa ta, asearen ondorena/ nola harrapatu dena?/ oraina eta lehena/ zein bide pobre eta urria, argazki kamararena/ une bakarrak ezin azaldu, zu neretzako zarena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo