GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

#BasqueIsFreak

Irati JIMENEZ | Idazlea

Umetan buruz ikasten nituen telesailetako aktoreen izenak. Baita telebistan agertzen ziren hurrenkeran ikasi ere, starring, guest starring eta special guest starring guztiak egoki jarrita. Ez pentsa ahaztu ditudanik. Oraindik orain norbaitek «nor zen...» galdetzen duenean neu naiz «Dirk Benedict» esaten duena edo «Mark Singer» (lehena Phoenix «The A Team» faxistan, bigarrena Mike Donovan ustezko «V» antifaxistan). Zaletasunaren zaletasunaz egiten nuen, telebistan horrenbeste maite nituen telesailak irensteko beste modu bat zelako. Internet Aurreko Garaiak ziren eta «Tele Indiscreta» aldizkariaren informazio garauak eskas geratzen zitzaizkidan telesailei buruzko nire pasioari jaten emateko.

Ordutik hona... erabat aldatu digute ipuina, Txano Gorritxu. Ez dakit nola, noiz, non, baina telesailak begi onez ikusten diren produktu kultural bihurtu dira. Ez dute mundutik barkamena eskatzen joan behar, liburuen aurrean buru makur. Eta gure zaletasun demasekoak hala-holako lotsaz eraman izan ditugunoi abangoardiako izatearen harrokeria txatxuaren unea iritsi zaigu. Mendeku bihurrien sasoia da: jolasorduan McGyver nintzela jolasteari gehiegi irizten zion hurrengoa ikusten dudanean «The Killing» nola bukatzen den kontatuko diot. #izorrai

Neu ilunduko naiz, beharbada, ilunpe frikietatik ateratzearen bide honetan, Walter White bezala. Baina ez naiz bakarrik ibiliko: zutabea bukatu eta banoa Exprairen eskutik deskubritutako Martin Julianen kamisetak erostera. Bularrean eramango dut «Badator Negua», Stark Enearen leloa. Frikismoa ere euskaldun izatetik bizitzera, neure umeari zor diodan harrotasunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo