GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Laudioko jaiak

Sanrokeen atarian, Gorostiaga gogoan izan dute laudioarrek

Gorostiagak egin behar zuen pregoiaren ordez, batzorde paritarioak irakurri zuen mezua atzoko ekitaldian, eta besteak beste, «justizia itsuak» eta epaile batek Laudio pregoilari gabe utzi dutela salatu zuten. Bestalde, gaur eguerdian botako dute jaietako txupina.

po43_f02.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Herriko plazan kokatutako agertoki batean irakurri zuen batzorde paritarioak Pablo Gorostiagak egitekoa zuen pregoiaren ordezko testua. Egungo justizia «itsua» dela esan zuten, eta «justizia» hori izan dela aurten pregoilari gabe utzi dituena epaile baten erabakia dela medio. Horrez gain, gogorarazi zutenez pregoilaria denen artean aukeratzen dute, eta hautaketa irekia izan da aurtengoa ere, bigarren urtez jarraian. Debekuaren sententzia zaplazteko bat izan dela gaineratu zuten irakurraldian.

Oholtza atzean, Pablo Gorostiaga herrikideari eta pregoiaren debekuari erreferentzia egiten zion pankarta ageri zen, presoaren irudiarekin: «Herriaren erabakia errespetatu. Etxean nahi zaituztegu». Ekitaldiaren bukaeran, bost minutuko isilunea egin zuten, eta ondoren txalo zaparrada batean amaitu zuten bertaratutakoek. Tartean «Gora Pablo!» oihua ere entzun zen ia beteta zegoen herriko plazan.

Suziriaren eguna

Gaur hasten dira ofizialki Laudioko jaiak, bi asteetan luzatuko diren zortzi eguneko egitarau oparoarekin. Goizetik abiatuta, herri gosari batekin emango diete hasiera ospakizunei. Ondoren, pankarten aurkezpena egingo dute kalejiran, eta musika izango da protagonista, Ekin Joleak, Lankaietako lagunak, Katu Buru perkusio taldea eta Laudioko Gaiteroak taldeekin. 13.00etan, txosnak zabaltzeko suziria piztuko dute. Arratsaldean, eski-taula txapelketa antolatu du Ñorrala lagunarteak, 17.00etan. 18.00etan, perkusio doinuak adituko dira berriz. 20.00etan dantzaldia izango da Honat taldearekin txosna barrutian, eta 23.00etan disko dantza DJ eta dantzariekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo