GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Laudioko jaiak

Kontzertuak barra-barra eta etenik gabe

Bebe, Willis Drummond, EH Sukarra, En Tol Sarmiento, Itziarren Semeak, Harresian Zulo, Skasti, Tximeleta eta Bongo Botrako dira, besteak beste, Laudioko ilunabar eta gauak girotuko dituzten taldeak. Kontzertu gehienak Txosna Batzordeak antolatu ditu.

p044_f03.jpg

p044_f04.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Jaien hasieratik bertatik dena emango dute aurtengoan Laudioko herritarrek, antolatu dituzten kontzertu mordoarekin. Lehen egunetatik hasita, talde ezberdinak etenik gabe igaroko dira herriko jaietatik. Bihar, esaterako, Bebe, Willis Drummond eta EH Sukarra arituko dira, azken biak txosnetan, 00:30ean. Eta etzi, San Rokezar egunean, En Tol Sarmiento eta Izargik eskainiko dituzte kontzertuak.

Bigarren asteburua, baina, ez da lasaiagoa izango. Abuztuaren 23an, ostirala, Baserritar Eguna ospatuko dute laudioarrek, eta ekintzez josita helduko da festa. Eguerdian hainbat aukera egongo dira. Alde batetik, sagardo eta txakolin dastatzea egingo da. Bestetik, plazan, herri kirol erakustaldia antolatu dute. Azkenik, AEK-k eta Ardibeltzek antolatuta, VI. Pintxo Txapelketa lehiatuko da. Ostean, 14:30ean, herri bazkaria egingo da.

Arratsaldean, 18:00etan, XVII. San Roke Artzain Txakurren Lehiaketa eta IX. Bixente Urkijo Artzain Txakurren Lehiaketa egingo da; bertan, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue bertsolariek ikuskizuna are gozagarriago egingo dute. 18:00etan bertan Kultur Jaia egingo da. Besteak beste, txalapartariak, Galiziako gaiteroak, Urduñakoak, albokariak, trikitilariak eta jota abeslariak izango dira.

Iluntzean, musika emanaldiak hasiko dira. Aurrena Harresian Zulok herritarren gerriak dantzan jarriko ditu herriko plazan, 20:00etan. Gero, Bongo Botrako taldearen txanda izango da, Zumalakarregi etorbideko rokodromoan, 23:00etan. Bukatzeko, Skasti, Kop eta Atxurrek kontzertu bana eskainiko dute txosnetan.

Odoluste Eguna

Odoluste Eguna izaten da Laudioko jaietako egun nagusia, eta, abuztuaren 23an, larunbata, ospatuko da. Goizean goiz gaiteroen dianak esnatuko du herria. 11:00etan, berriz, hasiberrientzako entzierroa egingo da; gero, 12:30etan, 16 urtetik gorakoen txanda izango da. Bigantxak ere izango dira. 18:00etan, Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna izango da. Ordu berean, errekortarien akrobaziak ikusteko aukera egongo da zezen plazan egingo den txapelketan. 20:00etan, bestalde, ohiko odoloste jana egingo da. Gauean zehar, disko dantza izango da, eta, azkenik, egunari amaiera emateko, V. Galtzontzilo eta Kulero Lasterketa egingo da herriko plazan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo