UDATE | Laudioko jaiak
Gabarretan, ibaian behera
Lehengo gabarren jaitsiera berreskuratu dute Laudion. Horrez gain, Urrezko Katxia saria sortu berri dute txosnek, eta lehenengoa Ttuntturro zanpantzar taldeak jasoko du.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Gabarra zaharrei amarauna kendu, edo berria egin. Beste aukerarik ez dute izango aurten duela bost urte ospatzen ez zen gabarren jaitsieran parte hartu nahi duten herritarrek. Izan ere, ohitura horri berriz ekingo diote aurten, eta Nerbioitik ontziak nola jaisten diren ikusteko aukera izango dugu berriz.
Bestalde, herriko eragileek urtean zehar egiten duten lana saritzeko nahia agertu du betidanik Txosna Batzordeak, eta hartara, Urrezko Katxia izendapena sortu du, urtero talde edo norbanako bati emateko helburuarekin. 2013ko estreinako sari hau Ttuntturro zanpantzar taldeak jasoko du, «galduta zegoen euskal ohitura bat berreskuratzeko egin duten ahaleginagatik zein ekainean antolatu zuten Euskal Herriko zanpantzarren bilkura arrakastatsuagatik», azaltzen du Aritz Lilik, batzordeko partaideak.
Egitarau oparoa
Txosnen irekiera izango da gaur 13.00etan, eta lehen kontzertua Honat taldeak eskainiko du. Bihar, herri bazkaria egingo dute gazteek Gaztetxean 14.00etan, eta ondoren, mus txapelketa. Gauean, EH Sukarra eta Willis Drummond-en kontzertuak izango dira.
Larunbat honetan, poteo-joteo delakoa ospatuko dute, 20.00etan, gero herri afaria egiteko. Egun horretan ETSk eta Izargik joko dute. Abuztuaren 21ean, kantukada egingo da 19.00etan, eta Hip Hop doinuek hartuko dituzte txosnak Lirykan eta DJ Funirekin. Abuztuaren 22an, gabarren jaitsiera eguna izango da, 21.00etan. Kontzertuetan, Itziarren Semeak eta Tximeleta. Bukatzeko, 23an, gazte eta haurrentzako jolasak izango dira. 00.00etan Skasti, Kop eta Atxurre taldeak.