Bilbok badu txupinera eta bilbotarrek badakite
Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariaren ekimenez, epaile batek Jone Artola Txori Barroteko ordezkariak txupinera izaterik ez duela ebatzi du, eta, antza, azken orduotan Bilboko Aste Nagusiari bihar hasiera nola eman aztertzen ari dira udal ordezkariak. Konpartsek argi dute beraiek ez dutela beste inor izendatuko, ez dutela onartuko epaile arrotz batek edo politikari oldarkor batek beraien ordezkaria nor izango den erabakitzea. Izan ere, Aste Nagusiak 36 urte beteko dituen honetan, lehen aldia da jaietako motorra diren konpartsek txupina botatzeko aukeratutako lagunari betoa jarri diotena. Hiru hamarkada luze hauetan gauza asko jazo dira Euskal Herrian, baita Bilbon bertan ere, batzuk oso gordinak eta giroa erabat belztu dutenak. Polemikak ere izan dira, asko, baina inoiz ez diote inori epaitegietatik ukatu txupinera izateko eskubidea. Noiz eta Euskal Herriak fase berria abiatu duenean gatazkari konponbidea emateko asmoz. Agerikoa da, alde horretatik, Urquijoren eta enparauen asmoa zein den: bazterrak nahastea eta esparru politikoa lokaztea.
Alferrik dabiltza, ordea. Epailearen erabakia «garaipentzat» jotzen badute herri hau ezagutzen ez duten seinale izango da. Bilbok badu txupinera, Jone Artola, bilbotarrek badakite, eta litekeena da inoizko txupinera ezagunena eta maitatuena bera izatea.