udate | Portugaleteko jaiak
San Roke egun parte-hartzailea
Ezkerraldeko herriko patroiaren eguna da gaur, festetako egun handia. Kuadrillen herri bazkariak eta jaitsierak girotuko ditu gero eta parte-hartzaileagoak diren San Roke jaiak.
Jonebati ZABALA | PORTUGALETE
Portugaleteko patroiaren eguna izaten da festetako hitzordu garrantzitsuenetarikoa. San Rokeren prozesioa eta erraldoi, buruhandi eta fanfarrearen kalejiraren ondoren, sabela ondo betetzeko, kuadrillek herri bazkaria antolatzen dute Solar plazan. Mahai luzez eta koloretako kamisetaz betetzen da ingurua, eta 500 pertsona inguru batzen dira, eta urtez urte jende gehiago animatzen da bertara. Izan ere, kuadrillek urtean zehar egindako lana islatzen da jai hauetan, euren erronka jende gaztea, kuadrilla berriak, batzea delarik. 18.00etako herri jaitsierak tradizio handia lortu du urteetan zehar.
Egitarauan ekintza tradizionalak mantentzeaz gain, berriak ere sartzearen alde daude gazteak. Aurtengo berrikuntzetako bat kuadrillen arteko balandroen estropada da. Azken zazpi edo zortzi urteotako goitibehera jaitsiera ordezkatzen du. Bihar, San Roketxu egunean portuan lehiatuko dira. Gaur, Georgie Dann eta Carlos Jeanen kontzertuak egongo dira San Roke plazan eta La Canillan, bihar Nena Daconte izango da.
Larunbatean goizaldeko ordu batean jaietako ikurra den Jarrilla erreko dute errekan, jaiak bukatzeko trakak lagunduta.