GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroa Behere eta Zuberoa egituraketa propioaren bila kostaldearekiko desoreka leuntzeko

Ipar Euskal Herriak behar duen erakundearen gaineko eztabaida gori-gorian dagoen honetan, EH Baik azterketa interesgarria plazaratu du Nafarroa Behere eta Zuberoak dituzten errealitate eta erronka bereziez. Bi lurraldeetarako «maila politiko komun bat» eratzea beharrezkoa dela uste du.

p014_f01.jpg

p014_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA

Nola erantzun barnealdeak dituen arazo eta lehentasunei? Nola aurre egin bertako errealitateei kostaldearen nagusitasuna dela medio biztanleen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak bilakatzen ari direlarik? Eta, aldi berean, nola bermatu Ipar Euskal Herriko eta, orokorrean, Euskal Herriko gainerako lurraldeekin kohesioa eta osagarritasuna? Galdera potoloak jarri ditu mahai gainean koalizio abertzaleak Nafarroa Behere eta Zuberoaren egoeraz eta etorkizunaz egindako hausnarketa hautetsiei zein herritarrei helarazteko.

Bi lurraldeon joera sozioekonomikoen azterketak ondorioztatzen du azken hogei urteotan populazioa nahiko mantendu dela. Izan ere, Nafarroa Behereak (26.000 biztanle) urtero 140 bat biztanle irabazi ditu, eta, Zuberoko (13.000 biztanle) beherakada demografiko endemikoa ere, apaltzen ari da (40 biztanle gutxiago urtero). Hori bai, populazioa zaharkitzen ari da.

Kultura, indargune nagusia

Enplegu mailan, bi lurraldeok «lanpostuen eta biztanleen arteko ratio ona» dute eta enplegu gune aski autonomoak dituzte kostaldearekin konparatuta. Lanera joateko beren bailaratik atera behar dutenen kopurua ere apala da (%35), salbu Iholdi-Oztibarren (portzentajea %60raino igotzen da).

Ardatz Atlantikoaren baitan kokatuta daudenez, garraioen azpiegituren menpeko -hots, pasaleku izateko-, arrisku bizian daude; duela urte batzuk galarazitako 2x2 autobidearen proiektuak egiaztatu zuen ezin hobeto arrisku hori. Alta, «indargune nagusi» bezala, nabarmentzekoa da bi herrialdeok «kapital kultural paregabea» dutela, nahiz eta hainbatetan euskara eta euskal kultura «folklorizatuak eta mehatxatuak» diren.

Hiriguneak hedatzeko joera (Donapaleukoa kasu) eta lurraren eta etxebizitzaren arazoak ere aztertzen dituzte. Era berean, garraio kolektiboen eskasiak autoaren premia areagotzen duela nabarmentzen dute. Familia gehienek bi ibilgailu dituzte, gutxienez.

Azterketaren arabera, barnealdearen eta kostaldearen arteko desberdintasun soziala gero eta nabariagoa da. Gaindegiaren datuak oinarritzat hartuta diotenez, Nafarroa Beherean eta Zuberoan diru-sarrerak kostaldean baino %27 apalagoak dira. Horrez gain, herritarren osasun estaldurako zerbitzuak urriagoak dira. Ezaguna da, esaterako, sendagileen eskasia.

Enpleguaren kalitatea ere kaskarragoa da barnealdean: behin-behineko lan kontratuak eta emazteen langabezia handiagoak dira. Horri etxebizitza lortzeko zailtasunak, prekarietatea, pertsona bakartuen kopurua, droga eta alkoholaren eragina gehitzen bazaizkio, begi bistakoa da Nafarroa Behere eta Zuberoan «arazo sozialak gero eta handiagoak» direla.

Bestalde, mundu mailako joerek ere eragina badute Ipar Euskal Herriko barnealdean. Globalizazioak eta aldaketa ekologiko eta klimatikoak laborantzaren eta ehun ekonomikoaren dependentzia dakarte.

Gogoeta horiek ipar hartuta, ikuspegi abertzale eta ezkertiarretik lehentasun batzuk finkatu ditu EH Baik. Ez hori bakarrik. Koalizioaren aburuz, «erronka horien arabera gogoetatu behar dira herri elkargoen edota bestelako egituren bilakaera eta behar diren eskuduntzak».

Bost lehentasun

Bost ardatzetan laburbildu ditu aipatu lehentasunak. Lehenean, lurralde horien nortasuna ipintzen du «garapenaren, kohesio sozialaren eta erakargarritasunaren» motor gisa. Horretarako, ondare naturala baloratzearekin batera, euskara, ekintza kultural eta artistikoak, artisautza, laborantza eta turismoa sustatzea proposatzen du.

Bigarren ardatza produkzio eta kontsumo molde berrien bultzadarekin lotuta dago. «Ekonomia birlokalizatzeko» bideak zabaltzeko eta, ondorioz, enpleguak sortzeko, bai laborantzan bai gainerako esparruetan, «barnealdeak duen indarrean» oinarritzea jotzen du bide egokitzat. Hala, kalitatezko laborantza, turismo berdea edota kulturala, jarduera produktibo berritzaileak... aipatzen ditu garatu beharrezko alor gisa.

Hirigintza, ingurumen eta garraio politika adostua finkatzea litzateke hirugarren lehentasuna. «Plangintza estrategiko» bat planteatzen du hirigintza mailan, bizileku guneen hedatzeari, etxeen barreiatzeak eragindako kostuari eta lurren espekulazioari mugak ezartzeko. Mendiaren errespetuko erabileraren, uraren kudeaketa kolektiboaren edota laborantza garbiaren norabidean, «eragile publikoei zein pribatuei ingurumenarekiko dituzten ardurak» harrarazi beharko litzaieke. Horrekin batera, garraio publikoaren eskaintza emendatzea proposatzen du, ez soilik garraio baliabiderik ez duten pertsonen bakartzea hausteko, baita naturari eta energiaren aurrezteari begira ere.

Laugarren lehentasunaren erdian, populazioa bera jarri dute. Zahartze demografikoak berarekin dakartzan arazoen kudeaketa aurreratu egin behar dela uste du koalizio abertzaleak. Halaber, gazteriari bere lekua segurtatzeko etxebizitza, aisialdia, enplegua eta mugikortasuna bezalako gaiak aintzat hartu behar dira.

Azkenik, bosgarren lehentasun gisa, osasun eta arta zerbitzuen sarea hobetu eta zailtasunean bizi diren pertsonentzat laguntza bereziak garatzea planteatzen du.

Behin diagnosia eta erronkak zehaztuta, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzat egituraketa egokiena zein litzatekeen aztertzen du. Koalizioak argi dauka egun «barnealdearen eta kostaldearen lotura eta kohesioa bermatzeko» egitura egokiena Lurralde Elkargo Berezia dela. Gainera, Euskal Herriko beste lurraldeekin «osagarritasuna» bilatzeko ere, erakunde aproposa dela irizten dio: «Hainbat arazoren kudeaketak Nafarroa Behere eta Zuberoako maila arrunt gainditzen du, eta tokiko estrategia txikietan zatitutako Euskal Herriak bere gaitasuna gal lezake eta ez litzateke etorkizun bateratu baten ekarle izanen».

Arkitektura instituzionala

Alabaina, hori bezain argi dauka EH Baik arkitektura instituzional horretan Nafarroa Behereak eta Zuberoak «maila politiko komun bat» osatu behar dutela. «Metropolizazioaren joerak indartzen ari direlarik, kostaldearekiko daukaten desorekaren aitzinean, bi lurraldeak bilduko dituen gogoeta eta elkarlan ohiturak garatzea beharrezkoa da», adierazi du. Bi herrialdeok osatutako «tresna komunak» epe luzera begirako plangintza estrategikoa eta lurralde antolaketa egokia hausnartu eta prestatzea ahalbidetuko lukeela ere uste du irmoki koalizioak.

Herri elkargoen osaketa berriaren inguruko bere jarrera aurreratu du EH Baik

Lurralde edo kolektibitate bereziaren eztabaidaren une berean, herri elkargoen osaketa berria ere hizpide da azken hilabeteotan Ipar Euskal Herriko agenda politikoan. Batez ere, barnealdeko herri elkargoen (edo herrien mankomunitateen) inguruan zentratzen ari da debatea. Nafarroa Behereko hiru mankomunitateak (Amikuze, Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarre) bakar batean biltzearen aldeko ahotsak entzun dira. Pirinio Atlantikoetako prefetak, ordea, ez du proposamen zehatzik egin eta datorren urtean egingo diren udal bozetan hautatuak izango diren hautetsiek hartu beharko dute bere gain afera hori.

Alta, EH Baik bere jarrera aurreratu du jada. Zuberoako Herri Elkargoaren perimetroa mantentzearen aldekoa da. Nafarroa Beheraren kasuan, aldiz, batean edo bitan uztea posible ikusten du. Hori bai, argi dauka Iholdi-Oztibarrekoak ez duela bere etorkizuna bermatzeko aukerarik. Hori dela eta, finean herri elkargo bakarra edo bi izan, EH Bairen iritziz bertako herriek aukeratu beharko lukete non integratu nahi duten. A.M.

%13

Ipar Euskal Herri osoko biztanleriaren %13 biltzen dute Nafarroa Behere eta Zuberoak. Populazioaren %32 erretiratua edo aurretik erretiratua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo