GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketa

Finalerako txartela lortzea izango da lehen helburua

Hamahiru aizkolari lehiatuko dira Azkoitiko plazan, 12.30ean, eta aurreneko sei kirolariek bakarrik lortu ahal izango dute azkeneko saioan aritzeko txartela.

p034_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Aizkora da herri kiroletako kirol erregea, eta, gaur, egun handia da. Izan ere, Bigarren Mailako kanporaketa jokatuko da Azkoitian, eta Ezkurran, berriz, gazte mailako finala. Batean hurrengo urtean maila nagusian zein egon daitezkeen ikusten hasiko da, eta, bestean, berriz, urte gutxi barru onenen artean zein egon daitekeen.

12.30ean jokatuko da Azkoitiko plazan Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa. Bertatik sei onenek lortuko dute finalean aritzeko txartela. Jauregi, Lasa, Mugertza II.a, Mugertza III.a, Zaldua, Larrañaga, Senosiain II.a, Lopez, Oihan Larretxea, Kañamares II.a, Kañamares III.a, Xabier Mindegia eta Ruben Saralegi lehiatuko dira.

Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Saioa hasi aurretik finalean zeintzuk sar daitezkeen izaten da zaleen kezka. Lehen Mailan ibilitako aizkolari bat baino gehiago ariko dira, eta tartean indar askorekin datozen aizkolari gazteak ere izango dira. Larrañaga, Oihan Larretxea, Ruben Saralegi edo Kañamares III.a 22 edo 23 urteren bueltan dabiltzan aizkolariak dira, eta denek ere ikaragarrizko etorkizuna dute.

Agian zaila izango da denak finalean sartzea, baina horko batzuk seguruenik ere sartuko dira. Begirada gehienak Larrañagarengan egongo dira. Azpeitiarra etxetik gertu ariko da, eta irabazi berria du Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketa. Iaz maila honetako finalean izan zen, eta hirugarren amaitu zuen.

Juanjo Lopez ere faboritoen artean dago. Lehen Mailako final askotan izan da, podiuma ere behin baino gehiagotan zapaldu du, baina ez dago bere unerik onenean. Senosiain II.a ere goitik jaitsitakoa da, eta hark ere finalean sartu nahiko du. Zaldua, Lasa edo Mugertza anaiak ere finaletan izaten dira gehienetan. Izen asko, baina denentzat ez da lekurik egongo finalean; horrenbestez, emozioz beteriko saioa espero dute zaleek.

Gazteak

Arratsaldean, berriz, 18.00etatik aurrera Ezkurran jokatuko da gazte mailako finala. Bertan, Vicente II.a, Larrea III.a, Jauregi, Kañamares IV.a eta Etxeberria II.a lehiatuko dira. Bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 45 ontzako ebaki beharko ditu.

Iker Vicente da egungo txapelduna. Otsagabiakoa dabilen bezala ikusita, oso zaila dirudi berari inork txapela kentzea. Nafarroako Hirugarren Mailako Txapelketa ere berak irabazi du, eta final honetan diren batzuk ere izan zituen han aurrez aurre.

Ikaragarrizko maila duen aizkolaria da, gauzak normal joanda goi mailara iritsi behar duen horietakoa. Ezuste handiren bat ez bada, emozioa bigarren posturako lehian izango da.

Juanjo Lopezek irabazi du Txapeldunen Ligako norgehiagoka

Juanjo Lopezek mendean hartu zuen Mugertza II.a herenegun ilunabarrean Gernikan jokatutako saioan. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta kirolari bakoitzak hiruna proba eraman zituen.

Lehen hiru probetan Mugertza II.a izan zen onena; azkeneko hiruretan, berriz, Lopez. Saioa erabaki, ordea, iraupen proban egin zen. Azkeneko saio horretara Lopez aurrena sartu zen, 17 segundoko abantailarekin, eta gero errematatu egin zuen. Juanjo Lopezek 22 minutu eta 3 segundoan burutu zituen lan guztiak, eta Ugaitz Mugertzak, berriz, 23 minutu eta 27 segundo behar izan zituen. J.L.

Ezkurra

Gazte mailako finala Ezkurrako pilotalekuan jokatuko da. Vicente II.a, Larrea III.a, Senosiain IV.a, Etxeberria II.a eta Jauregi nor baino nor lehiatuko dira Euskal Herriko txapela lortu nahian.

Faboritoak

Iker Vicente da egungo txapelduna, eta ez dirudi berari inork txapela kenduko dionik. Ikaragarrizko maila duen aizkolaria da, eta egiten ari den denboraldia ere handia izaten ari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo