GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea

Izeta II.a buru dela jokatuko da Donostiako Igeldoko Harria Txapelketa

J.L.

Izeta II.a buru dela jokatuko da gaur arratsaldean, 19.30ean, Donostiako Trinitate plazan, Donostiako Aste Nagusian ohikoa bihurtuta dagoen Igeldoko Harria Txapelketa.

Aiako harri-jasotzaile beteranoarekin batera, Izeta I.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Bertiz, Eizmendi, Lertxundi, Ostolatza, Telleria II.a eta Ugartemendia lehiatuko dira.

Igeldoko Harria oso harri berezia da. Arrautza itxura duen trakets horietakoa da, eta 134 kilo pisatzen ditu. Harri-jasotzaile bakoitzak bost minutuko txanda bakar bat izango du lanean aritzeko.

Izeta II.a da gaur arratsaldeko txapelketa irabazteko faborito nagusia. Horrelako harriekin oso trebea izateaz gain, askotan irabazi du Donostian, eta Igeldoko Harriarekin primeran konpontzen da Aiako harri-jasotzailea. Joseba Ostolatza izango da berari aurre egin liezaiokeena, eta, aiarrak hutsen bat egiten badu, txapela lortzeko prest agertuko da, zestoarra ere maila handiko harri-jasotzailea baita.

Beste bi izetatarrak, Izeta III.a eta Izeta IV.a ere nahiko ongi moldatzen dira harri hauekin, eta haiek ere aurrean ibiltzeko ahalegina egingo dute. Izeta III.a, gainera, herenegun Mallabian irabazita agertuko da Gipuzkoako hiriburuan.

Gaurko berrikuntza Izeta I.a izango da. Izetatarren artean zaharrena, aspaldian ez da txapelketetan plazetan aritu, baina berriro ere gaur plazaratuko da, eta berak ere lan on bat egin nahiko du. Bere bi anaia eta iloba ondoan izango ditu, eta seguruenik ere maila ona emango du.

Harri trakets hauekin ibiltzeko ez da indarra bakarrik nahikoa izaten, bereziak baitira, eta maina ere behar izaten da, bestela jasotzea ez baita batere erraza izaten, zailtasun asko izaten dituzten harriak baitira.

Izen garrantzitsu batzuk faltako diren arren, lehian arituko direnak maila handiko harri-jasotzaileak dira, eta ez da ikuskizunik eta emoziorik faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo