GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Izoztearen egia

Zahartzea saihesten duen Izozte Aktaren berresteak erabat aldatu ditu nazioarteko harremanak eta indar orekak. Berpizte prerrogatibei esker, beren herrialdearen alde asko egin zuten ilustreak berpiztea ere zilegi bilakatu da, nahiz eta horrek eztabaidak eta zalantzak sortu...


Izoztearen egia zen bi maila ezberdin sortuko zirela mundu guztian. Batetik izoztuak zeuden, betiereko bizitza baten truk euren izoztea ordaintzeko bi edo hiru mendeko kredituak euren bizkar hartzen zituztenak, bankuei horrek emango zizkien interes eta etekin itzelekin. Bestetik, abalistarik edo garantia askirik ez zutelako euren burua izozteko ahalmen ekonomikorik ez zutenak zeuden. Edo are arraroago zena: ahalmena izan arren, zahartzeko prozesu naturalari men egin eta ez izoztea erabakitzen zutenak. Terronaturista, makurbiotiko, animalogista, cyberhippie eta betazalnudismoa praktikatzen zuen jendea, oro har, Itzul Gaitezen Biniloaren Garaira retroalderdi amish hiperminoritarioko lau katu zoroz gain. Herrialde zenbaitetan izoztea gizarte segurantzaren gastuen barruan sartzea eztabaidatzen ari zen arren, leku bakarrean adostuko zen baiezkoa: Kuban.

Fidel Castroren Berpizte Aktaren katastrofea gertatu zen garaitsu berean onartu zen Kuban Izoztea. Alderdi Komunistak hiru urte zeramatzan zein sasoitako Fidel berpiztu behar ote zen ebatzi ezinik. Zenbaiten ustez, Fidel gaztea, Sierra Madrekoa edo Cochinos Badiakoa zen berpiztu beharrekoa. Kementsuena. Beste zenbaiten ustez aldiz, 80ko hamarkadako Fidel heldu hura, Fidel estadista zen herrialdearen martxa zuzentzeko egokiagoa. Azkenik, aho batez erabaki zen bi Fidel klonatuko zirela, sasoi eta adin ezberdinetakoak biak, besoz beso lan egin zezaten. Berpizte Akta aldatu behar izan zen horretarako, ez baitzen nazioarteko itunetan halako bikoiztasunik onartzen. Alferrikakoak izan ziren Ameuropatik etorritako kritikak. Eskandalua lehertu zen: Miamiko disidentziak Fidel Castroren DNA lapurtu zuen eta Atlantikoko uretan desagerrarazi. Hala aldarrikatu zuten, behintzat, Floridan emandako prentsaurrekoan. Fiasko horren ondoren, Izozte Akta berretsi eta izozte turismorako gune bilakatu zen Kuba, sarrera ekonomiko handiak emanez gobernuari. Alderdi Komunista Raul Castro berpiztu edo ez hasiko zen gero eztabaidatzen, baina hor bai zela konplikatua adostasuna. Zurrumurruek zioten Chainatik ezkutuan operazioa zuzentzen zuena Che Guevara berbera zela. Zergatik ez zuten, bestela, hura berpiztu, beste inor baino lehenago?

 

Mundu mailako izozte dinamikei zegokienez, luze baino lehen hasiko ziren zenbait ekonomista Izoztearen Burbuila aipatzen: betiereko bizitzagatik ordaintzen ziren prezio neurrigabeak salatuko zituzten -«eternitatea ez zen hainbesterako», adieraziko zuten analista kritikoenek-. Bilioika doleuro horiek ordaintzeko biztanleriak beharko zituen urteak arbuiagarriak irudituko zitzaizkien zenbait pentsalariri. Esklabotza mota berri bat.

Antzeko hausnarketak erabili zituzten ahotan Didi Larreak eta Nora Stewartek azken honen etxean hipnolarrutan egin ondoren.

-Populazioa gustura dago, ordea: their whole life daukate euren izoztea ordaintzeko...

-Eta zuk... Izozteko asmotan jarraitzen duzu, Didi?

-Positive, Nora. Zuk ez?

-Inola ere ez...

-Are you ziur?

-Orduan ez genuke luzera begira bikote onik osatuko: ni zahartu egingo naiz eta zu ez.

-Horrek ez dauka zerikusirik, nik always berdin maitatuko zaitut.

-Hori orain esaten duzu, ni gazteagoa naizelako...

Baziren aste batzuk elkarrekin zebiltzala, dena zen erraza haien artean. Hipnolarrutan egitea ere bai. Erraza eta gozagarria.

-Egin duzu larrutan inoiz, Didi?

-Zurekin twice, gaur gauean bertan...

-Benetan esan nahi dut...

-Benetan?

-Bai, ez naiz hipnolarrutan egiteaz ari, larrutan baizik... Hipno gabe...

-Zer esan nahi duzu? Full contact? Device elektronikorik gabe?

-Pure vice, no device, euskara bilbatuan esanda...

-Hori forbidden dago...

-Tira, hain babestuta zaudete Euskal Protektoratuan? Gauza bat dira arauak eta beste gauza bat arau horiek modu zurrunean aplikatzea... De facto egingo da, ez? Leku guztietan egiten da... Iruñeko itsas-portuan, Gaztelu plazan biltzen dira marinel guztiak, eta baita marinel ez direnak ere... Baionako barraraino sartzen dizute, nahi baduzu...

-Hemen ez da halakorik, as far as I know...

-Hatz mamiekin eta betazalekin egiten duzue beti?

-Of course, Nora... Garun-dantza elektriko bat ezar diezazukete harrapatzen bazaituzte. Higieneagatik, mostly. Intercoursea denok dakigu zer den: a barbarian thing. Primitive stuff, sort of.

Urteak ziren emakumezkoek umerik munduratzen ez zutela: aukera berdintasunaren itunaren barruan sartzen zen hori ere. Haurrak landetxeetan ernaldu eta sabel artifizialetan garatzen ziren -denek egiten zuten horrela, salbu eta, jakina, terronaturistek, makurbiotikoek, animalogistek... -.

-Ez dizut sinesten... Nerabe zinenean ere ez zenuen larrurik jotzen?

Nora Stewartek musu eman dio Didi Larreari ezpainetan, errukituta, amakiro. Lotsatu egin da Didi, gorritu. Ingurura begiratu du, kameraren baten bila. Baina ez dago kamerarik.

-The very first time izan da inork...

-Ez al da memodosiak baino hobea?

-Almost...

Baina egia da: memodosiak baino askoz hobea izan da. Zerikusirik ez hipnolarruarekin. Didi Larreak bere adikzio ugariei beste bat erantsi beharko diela ondorioztatu du. Une batez bururatu zaio prest legokeela emakume harengatik den-dena uzteko. Baita Euskaltzaindia ere. Poztu egin da. Eta beldurtu.

... biharko kapitulua:

EZ UMEARI EGIA ESAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo