Israelek Goikolea askatu behar du, eta, bide batez, munduaren elkartasuna beharrezko duen Palestina
Duela hiru egun, Israelgo militarrek Europako bi brigadista atxilotu zituztela jakinarazi zuen Askapenak. Erakunde solidarioak bazioen, halaber, militarren jomugan daudela nazioarteko solidarioak. Ulergarria da, nazioarteko brigadistak lekuko ezerosoak baitira Israelgo Gobernuarentzat eta hango indar armatuentzat. Eta sionismoa ezeroso duen guztia deusezten saiatzen da. Atzo, indar israeldarrek berretsi egin zuten Askapenaren salaketa, Euskal Herriko brigadista bat atxilotuz. Igor Goikolea gasteiztarra protesta batean parte hartzen ari zen Zisjordaniako herri batean, eta eskualde hartako demokrazia bakarra omen den herrialdeak delitu larritzat jotzen du bere bota militarraren pean dituenen alde agertzea.
Munduak beste alde batera begiratzeari utzi behar dio. Israelek Goikolea berehala libre utzi behar du, brigadisten aurkako jarrera erasokorra bertan behera utzi eta palestinarren gaineko errepresio ikaragarria bukatu. Horixe da Goikolea eta beste asko hara joatearen arrazoia. «Elkartasuna ez da delitua», dio datorren astelehenerako deitutako elkarretaratzearen leloetako batek. Israelgo Gobernuak ez du horrela uste, ordea, elkartasuna etsai nagusietakoa baitu.