GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Aginpidearen iraina

Lehengoan argindarraren eta gasaren faktura ikusita, «terrorismo» hitza bururatu omen zitzaion lagun bati. Ondoren, fakturarekin batera bidali zioten propaganda orrian «zure zerbitzura, zuretzat onena nahi dugu...» irakurri eta epaitegira jo zuen konpainia salatzera, terrorismoa goratzea eta biktimak -nire laguna- iraintzeagatik. Epaileak barre egin omen zuen.

Niri negar egiteko modukoa begitantzen zait, areago, terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea gutxien uste duzun hori izan litekeela. Urteak eta urteak eskubide gabetuta daudenak gogoratzea, haien eskubideak errespetatzeko eskatzea, preso baten senide batek bere herriko jaiari hasiera ematea. Argazkiak, kontzertuak, futbol partiduak. Adiskide baten berri jaso eta ondo dagoelako poza erakustea terrorismoa goratzea da, adiskidea gaizki dagoelako negar egitea bezala. Aurki presoen senide eta lagunek arnasa hartzea ere biktimak iraintzea izango da, edo nire lagunak argindarraren eta gasaren faktura ordaindu ahal izatea.

Indarkeria -gaitzetsi beharreko indarkeria- gaitzesten ez duenak terrorismoa goratzen du, eta biktimak iraintzen. Eta indarkeriarik -gaitzetsi beharreko indarkeria- ez dagoenean, beharrezkoa da atzera begirako gaitzespena. Ezker abertzalea biktimen omenaldi ofizialetara joaten ez zenean, kristorenak eta bi esaten zizkioten. Kristorenak eta bi esaten dizkiote ezker abertzaleko ordezkariei omenaldi ofizialetara joateagatik. Eta horren zorrotz agertzen diren horiek baztertuta izan dituzte biktimak urte askoan (eta oraindik ere herri honetan eta Estatuan izandako biktima asko hala dituzte; bide batez, ez al da iraina horiei biktima izaera ere ukatzea?), haien erabilera politikoaren abantailez ohartu ziren arte.

Zentzugabea dirudienaren gakoa Munillak argitu zigun herenegun: ezker abertzaleak ez du aginpide moralik (Eliza katoliko espainiarrak ez bezala, Franko sostengatzeagatik damua agertu eta barkamena eskatzen baitie egunero haren biktimei). Munillaren aginpide moralak bere klubekoentzat baino ez du balio. Gainontzekoontzat, Egiptoko agintarien aginpide moralaren parekoa da. Baina Munillaren eta haren ideologiaren benetako aginpidea, Egiptoko agintariena bezala, militarren sostengua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo