Erreforma energetikoak berriztagarrietan ekar ditzakeen kalteen beldur da Goiener
Iraia OIARZABAL |
Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibako bazkideek euren kezka agertu dute Gobernu espainolak ezarritako erreforma energetikoak berriztagarrien arloan izan ditzakeen ondorioak direla eta. Kooperatibako kontseilu errektoreak bere webgunean argitaratutako ohar baten bidez jakinarazi duenez, erreformak kalteak ekarriko dizkio sektoreari, nahiz eta enpresa merkaturatzailea den heinean Goienerri ez dion zuzenean eragingo.
Erreformaren helburua tarifa defizitarekin bukatzea da, hau da, argindarra banatzeko sistemari aitortutako kostuen eta sistemak ematen dituen sarreren arteko aldea deuseztatzea. Guztira, 26.000 milioiko zuloa dauka sistema elektrikoak, eta urtero 5.000 milioi inguruko erritmoan handitzen da zulo hori.
Horiek horrela, Goinerren ustez, erreformak bi kolektibo nagusiren gainera botatzen du irtenbidearen zama: energia berriztagarrien ekoizleak -txikiak batik bat- eta kontsumitzaileak. «Horren ondorioa da estatuak igoerak aplikatuko dituela energiaren azken prezioan `kostu arautuak' izenekoen bidez, eta denon artean ordainduko dugula», salatu du kooperatibak. Zehazki, hilabete honetan ezarriko da bidesarien agindua, eta fakturaren batez besteko %3,2ko igoera ekarriko du horrek.
Autokontsumoa ordaindu
Bestalde, autokontsumoan eman litezkeen aldaketez ohartarazi du Goienerrek. Izan ere, kooperatibaren arabera, litekeena da autokontsumoan «bidesari lagungarria» ezartzea. «Funtsean, horrek esan nahi du autokontsumitzaileak tasa bat ordaindu behar duela saretik kontsumitzeari uzteagatik». Hau da, sarearen mantenu kostuak ordaintzen ditu, nahiz eta ez duen erabiltzen.
Neurri hori salatu zuen Goienerrek, berrikuntza guztietan «okerrenetakoa» delakoan. «Berez egoera larrian dagoen sektore oso bat zigortzen du eta murriztu egiten ditu Goinerren aukerak bere bazkideen artean horrelako irtenbideak sustatzeko orduan», nabarmendu du.
Ildo horretan, PxNME Energia Eredu Berri Baten Aldeko Plataformaren bidez, kalte horiek guztiak gelditzeko legezko ekintzak aztertzen ari da Goiener, baina epe laburrean emaitzak lortzea zaila dela adierazi du.
Goienerri, merkaturatzaile bezala, gehienez ere, berme-gordailu gehigarri batzuk izatea eska dakioke kooperatibak berak ezagutarazi duenez. Hori dela eta, finantzen arloa indartu beharrean daudela uste dute eta horretarako bazkideen ekarpenak duen garrantzia azpimarratu dute.
Kooperatibak ekimenaren hasiera zaila ekarri du gogora, energia berriztagarriei pizgarri guztiak kendu zitzaizkienean sortu baitzen. Hala ere, 2013ko urtarriletik 500 bazkide inguru biltzea lortu du, tartean bazkide laguntzailea den Berako Udala bera ere.
Horregatik, energia ereduan aldaketa bat bultzatzeko helburuan lanean jarraitzeko erabakia berretsi du kooperatibako kontseilu errektoreak, %100 berriztagarria izango den energia eredu bat eraikitze aldera.