GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasun Eguna deitu dute Lekeition irailaren 29an makroepaiketen aurka

Urritik aurrera Madrilen egingo diren bi makroepaiketetako auzipetuek bultzatzen duten Libre dinamika mobilizazioak zehazten doa pixkaka-pixkaka. Irailaren 29an, igandea, Elkartasun Eguna egingo dute Lekeition. Hau da, epaiketok abiatu baino bi aste lehenago.

p013_f02_2286.jpg

GARA |

Uda amaitzearekin batera helduko dira Madrilgo bi makroepaiketak -Batasunaren aurkakoa eta gazte independentisten kontrakoa- eta elkartasun ekimenak ugaltzen doaz pixkaka, auzipetuek beraiek bultzatutako Libre dinamikaren eskutik. Atzo Bilbon hainbat auzipetuk jakitera eman zutenez, irailaren 29an Elkartasun Eguna ospatuko dute Lekeition. Igandea da eta bi aste eskas faltako dira orduan bi makroepaiketak abiatzeko (aste berean hasiko dira). Karmelo Landak azaldu zuenez, prozesu politikoen aurka «herritar guzti-guztion hitzarmena gauzatzeko» asmoz jardungo du Librek.

Lekeitioko egunak, batetik, «zigor-epaiketa politikoak bertan behera uztea eta garai berriek behar duten elkarbizitza demokratikoa behingoz Euskal Herri osora hedatzea» aldarrikatzeko balioko du. Eta, bestetik, elkartasuna bideratzeko ere erabiliko da, eragin handia eta gogorra izango dutelako epaiketok auzipetu guztiengan: «Kartzela zigor larriak eskatzen dituzte gure aurka, eta zigor ekonomikoa ere kontuan izan behar da: fidantzak, bidaiak, epaiketa egun luzeetako kostuak gure lepora bota nahia...».

Guztira 76 dira Madrilen elkarrekin eta hilabete luzez epaituko dituzten euskal herritarrak. «Epaiketa politikoak dira biak -nabarmendu zuen Landak-, edo, hobeto esanda, epaiketa disparateak, politika libre egitearen aurkako epaiketa maltzurrak. Gure iritziak epaitu nahi dituzte, baina hori baino gehiago izango da jokoan: Euskal Herrian hain beharrezko ditugun askatasun politikoak epaituko dituzte».

Uda honetan zehar Estatu espainoleko Gobernua eta espainiar epaitegiak ezartzen ari diren neurriekin ere lotu dituzte epaiketok auzipetuek, kate bereko katebegiak direlakoan: «Ez dute arrazoirik, ez dute argudiorik, ez dute gehiengorik, eta, orduan, inposizioa, kriminalizazio arbitrarioa, debekua eta zigorra darabiltzate PPren Gobernu erabat degradatuaren zerbitzura».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo